Udaberrian hasiko dira San Lorentzoko irisgarritasun eta bidegorriko lanak

2017/01/25
Card image cap
Obren esleipen prozeduretara aurkeztu nahi duten enpresek otsailaren 7ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko

  Mugikortasuna eta irisgarritasuna helburu duten bi lan egingo dira San Lorentzo auzoan: batetik, Ugarkalde eta San Lorentzo arteko bidegorri zatia osatuko da eta bestetik, 8. areako irisgarritasun hobetzeko lanak egingo dira. Bi lanok, aldi berean egitea aurre ikusten da, udaberrian hasi eta 5 hilabeteko epean amaituz.

  Auzo berean baina independenteak izango diren bi lan proiektu hauek gauzatzeko esleipen prozedurak abiatu berri dira. Bi obrak, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuz esleitzea erabaki zen azken Tokiko Gobernu Batzarrean eta dagoeneko, hiruna enpresa gonbidatu dira prozeduran parte hartzera; otsailaren 7ra arteko epea dute eskaintza ekonomikoak aurkezteko.

  Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen arteko bidegorri zatiak 400nen bat metro izango ditu eta Olabarrieta eta herri-gunearen arteko ardatza osatuko du, herriko auzo ezberdinenak lotuz. Bidegorria, GI-2630 errepide nagusiarekiko paralelo joango da. Bidegorria egiteko lineako aparkaleku batzuk eta espaloiaren zati bat hartuko dira. Autobus geltokiaren atzetik egokituko da, bien artean segurtasun eremu bat gordeaz. Inguruko argiztapena ere berrituko da. Lanek, 241.171 €ko aurrekontua dute.

  San Lorentzoko 8. eremua deritzonean berriz, irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira. San Lorentzo 14-24 zenbakidun eraikinen arteko ingurua hartzen du 8. eremu edo areak. Espaloiak zabalduko dira, zeharkako maila gutxitu, oztopo zutoinak jarriko dira ibilgailuak gaizki aparkatzea ekiditeko eta zoladura guztiz berrituko da eta orientazioa errazteko zoladura desberdindua jarriko da, bai espaloietan eta baita eskaileretan ere. Eskaileretako mailen neurria egokituko da eta eskudelak jarriko dira. Irisgarritasun lan hauek aprobetxatuko dira bestalde, euri uren saneamendua berritu, eta egun zenbait lekutan bat egiten duten euri ur eta ur zikinak bereizteko. San Lorentzo 14-24 eremuko irisgarritasun lanek 240.749 €ko aurrekontua dute.

  San Lorentzon egingo diren bi lanok esleitzeko irizpide nagusia enpresen eskaintza ekonomikoak izango dira; lanak, proposamen merkeena egiten dutenei adjudikatuko zaizkiela zehazten da lizitaziorako oinarrietan. Hiruna enpresa gonbidatu dira, esan bezala, esleipen prozesura eta otsailaren 7ra arteko epea dute eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!