Uda kanpaina eta udaleku irekietako begirale-gaien euskarazko idatzizko frogaren emaitzak argitaratu dira

2022/05/10
Card image cap
Ahozkoa maiatzaren 13an izango dute, bakoitzari jarri zaion ordutegian

  Udaleko web atarian eta udaletxeko iragarki taulan goizean argitaratu dira kirol begiraleen eta udaleku irekietako begiraleen hautaketa prozesuetako euskarazko idatzizko frogaren emaitzak eta ahozkoaren ordutegiak. Ahozko froga maiatzaren 13an Euskaltegian izango dute guztiek baina gela eta ordutegi jakin batean. Hori zehazten duten zerrendak ere argitaratu dira. Norbaitek zehaztutako egun eta orduan joaterik ez baleuka, behar bezala justifikatu beharko du udaleko pertsonal departamentura mezua bidalita: pertsonala@onati.eus. Kasu bakoitza baloratuko da eta ahozkoaren data aldatu ala ez erabakiko da.

  Udaleku irekietan begirale izan asmoz izena eman zuten 23 hautagaiek egin zuten euskarazko idatzizko froga pasa den astelehenean. Ahozkoa ostiralean, maiatzaren 13an izango dute 9.00tatik 10:00etarako tartean. Guztiek ahozkoa gainditu beharko dute begirale izateko prozesuan aurrera egin ahal izateko baina idatzizkoan justu xamar ibili diren 8k ahozko trebetasunarekin konpentsatu beharko dute aurreko frogako emaitza.

  Beste horrenbeste egin beharko dute uda kanpainarako izena eman duten eta idatzizkoa justu pasa duten 6 begirale gaiek. Dena den, 12 kirol monitore-gaik osatu beharko dute euskarazko azterketa, ahozko froga eginda, ostiralean. Ahozkoa 10:00tatik 10:40 tartean egin beharko dute. eta ezin badute, udaleku irekietako hautagaien antzera, udaleko pertsonal departamentuarekin harremanetan jarri beharko dute behar bezala justifikatutako arrazoia emanez.

  Udalak udarako antolatu dituen aisialdi programetan begirale gisa arituko direnei C1, EGA edo 3. H.E.ren pareko euskara maila eskatzen zaie.

  Euskarazko azterketen azken emaitzak eta udaleku irekietarako nahiz uda kanpainarako begiraleen onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak datorren astean argitaratzea aurreikusten da. Hautagaiek egiaztatutako merituen balorazio egiten hasita daude udal teknikariak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!