Uda kanpaina aurrera eraman ahal izateko, udalak, 12 kirol begirale kontratatuko ditu

2012/06/18
Ezagupen orokorreko 7 eta ikastaro espezifikoetarako 5 monitore kontratatuko dira.

  Kiroldegiko ordezkariak dagoeneko, kontratatuko diren begiraleekin ere harremanetan jarri dira, hilaren 21ean egingo den prestaketarako lehen bileraren berri emateko.

  Uda kanpaina, berez, ekainaren 25ean hasiko bada ere, kirol begiraleak, aurreko astean hasiko dira guztia gertatzen. Eta uztaileko kanpaina amaitzerakoan ere, balorazio bilera berria izango dute. Bi bilera horietako lan orduak eta ekainaren 25etik uztailaren 20ra bitartean beteko dituztenak, udalarekin sinatuko duten lan kontratuaren arabera ordainduko zaizkie.

  Lehen aldia da udalak, udako kirol kanpainari aurre egin ahal izateko hartzen dituen monitoreei halako lan kontratua egiten diela. Lehen aldia da baita ere, hauen hautaketa modu sistematizatu batean egiten dela. Horretarako, udaleku irekietako begiraleen kontrataziorako erabili ohi den bide berbera jarraitu da. Kirol arloko formazioa, lan eskarmentua, eta euskara ezagutza eskatu da.

  Deialdira, 21 lagun aurkeztu ziren eta azkenean, hiru prozesutik kanpo utzi dira ez baitzuten oinarrietan jasotako ikasketa agiririk aurkeztu. Beste 18 hautagaien merituak baloratu dira eta puntuaziorik altuena lortu duten 12ak dira uda kanpainarako kontratatuko dutenak.

  Hautaketa prozesuaren behin betiko emaitzak kaleratu dira eta ikusgai daude udaletxeko iragarki taulan eta udaleko lan-eskaintza atalean.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!