TXIRRINKA taldeak, bizikleta irteera berria antolatu du domekarako

2015/07/02
Card image cap
Leitzaran bailaran barrena egingo da Lekunberrin hasi eta Andoainen amaituz

  Irteeran, Natur Eskolakoen laguntza eta gidaritza izango dute txirrindulariek. Horrela, bizikleta ibilbide berri bat ezagutu ez ezik, Leitzarango bailara aberatsak duen flora eta fauna berezia ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dute. Lekunberrin hasiko den bizikleta martxa, Leitzan barrena Andoiainen amaituko baita, Leitzaraneko tren txikiaren ibilbidea jarraituz. Egun, garai bateko trenbidea egon zeneko ibilbide hori bizikleta eta oinezkoentzat bidegorri da. Txirrinkak proposatzen duen bizikleta irteerak 40 kilometroko luzera dauka. Eta hasi berriei zuzenduta bereziki, ibilbide erraza eta laua dela azpimarratzen dute antolatzaileek.

  Bizikletak, furgonetaz eramango dira Lekunberrira. Horregatik, izena aurrez eman behar da Natur Eskolara telefonoz deituta: 943.716404 zenbakira deituz. Mezua, erantzungailuan ere utzi ahal izango da. Izena emateko azken eguna, etzi, ostirala izango da.

  Parte hartzaileek 3 € ordaindu beharko dituzte furgonetaren alokairua ordaintzeko. Egun osoko irteera izango denez, bestalde, bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du eta linterna eramatea ere gomendatzen da, ibilbidean zehar hainbat tunel zeharkatuko baitira eta guztiak ez daude argiztatuta.Txirrinkak antolatutako bizikleta irteera hau, ETEO zaharreko aparkalekutik abiatuko da domekan, goizeko 9etan. Bizikletak furgonetan sartuta, partaideak, autoz joango dira Lekunberriraino.

  Txirrinka taldeak azken hilabete hauetan antolatu duen hirugarren bizikleta irteera da domekakoa. Aurrez, orduan ere Natur Eskolakoek lagunduta, Urkuluko urtegira egin zen lehena eta Bilbo eta Algortara bigarrena, orain aste gutxi dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!