Txipistin zerbitzurako hezitzailea kontratatu nahi du Txatxilipurdi elkarteak
Txipistin programak jatorri anitzeko oñatiarrei euskara lantzen eta ikasketak aurrera eramaten laguntzen die. Eskolaz kanpoko ekintza da baina hizkuntza eta hezkuntza errefortzu moduan planteatuta dago. Herriko haur eta nerabeei zuzenduta dago. Zerbitzua indartzeko, hezitzaile berri bat kontratatu nahi du Txatxilipurdi elkarteak eta hartarako hautaketa prozesua abiatu berri du.
Gizarte hezkuntza gradua izan edo Heziketaren zein Gizarte Zientzien arloan goi mailako beste titulazioren bat izatea eskatzen da lanpostura aurkezteko. Pedagogia,, psikologia, psikopedagogia, magisteritzan edo antzerakoetan goi mailako titulazioa duen hezitzaile euskalduna bilatzen da, EGA edo pareko titulazioa izatea ere eskatzen baita. Oñatikoa izatea, talde lanean aritzeko gaitasuna, antzeko lanetan esperientzia izatea, lanerako prestutasuna eta euskalgintza arloan esperientzia izatea eta herrigintzan egindako ibilbidea kontutan hartuko dira.
Hezitzaile berriak haur eta nerabeekin zuzeneko lana astelehenetik ostiralera 17:00tatik 20:00tara egin beharko du. Horrezaz gain, prestaketarako nahiz koordinazio bileretarako beste 9 orduko jarduna izango du astero. Hezitzailea berehalakoan lanean hasteko kontratatuko da, martxoaren 4an jada lanean hastea aurreikusten baitu Txatxilipurdik. Hezitzaileari ekainera arteko kontratua egingo zaio.
Interesatuek asteazkenera arteko epea dute curriculuma bidaltzeko. Helbide honetara igorri behar dira: kultura@txatxilipurdi.com. Curriculumak bidaltzeko epea amaitu eta hurrengo egunean bertan, otsailaren 28an, hautagaiekin elkarrizketak egiten hasiko dira Txatxilipurdiko arduradunak. Hezitzaile berri lanean, esan bezala, martxoaren 4an hastea nahi baita. Informazio gehiagorako Txatxilipurdi elkarteko telefonoetara deitu eta Anegatik galdetu daiteke. Telefono zenbakiak hauek dira: 943 795 446 edo 688 651 205
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!