Txinparta gazte sariketa antolatu dute bertso eskolako gazteek

2018/01/09
Card image cap
16 bertsolari gaztek parte hartuko dute bi kanporaketa eta finalekoa izango duen sariketan

  Bi helburu nagusi ditu Txinparta gazte sariketak: bertsolari gazteei saioak egiteko aukera eskaintzea eta zaleei datozen bertsolari gazteak ezagutzeko bidea ematea. Aurreko bi urteetan, 2016 eta 2017an, gazteen herriarteko desafio formatuan egin dira saioak. Bikoteka baina emanaldi bakarrean. Aurten, sariketa kutsua eman zaio bi kanporaketa eta finalekoa antolatuz. Bikoteka jokatuko da baita ere, baina jatorriari dagokionean, bikote mistoak izango dira eta herri ezberdinetako lagunak bilduko dira, euren arteko harremanak ere sendotzeko. Eta noski, sariketa denez, irabazleek txapel bana jasoko dute sari gisa.

  8 bikotek parte hartuko dute Txinparta gazte sariketan, 16 bertsolarik guztira. Horietako  6 oñatiarrak dira: Aitor Tatiegi, Gontzal Belategi, Urko Arregi, Aritz Irigoien, Bittor Zubiagirre eta Xabi Agirre. Bertsolari guztiak 20 urtez azpiko gazteak dira.

  Txinparta gazte sariketari dagozkion bi kanporaketak larunbat arratsaldez jokatuko dira: urtarrilaren 27an Arrano tabernan eta otsailaren 3an Pako tabernan. Finala berriz, hamabost egunen buruan, otsailaren 16an, ostiralarekin. Finaleko saioa Antixena gaztetxean jokatuko da, 19:00tan hasita. Finalera 6 bertsolari, 3 bikote sailkatuko dira; kanporaketa bakoitzeko irabazlea eta punturik gehien lortu duen hurrengo bikotea.

  Herriko bertsolari gazteek auzoetako jaietan ez ezik, beste plaza eta giro batean ere kantatu eta trebatu nahi dute eta helburu horrekin antolatu dute Txinparta gazte sariketa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!