Txatxilipurdi elkartearekin duen kontratua luzatuko du udalak, haur zerbitzuen esleipen berria egin bitartean
Berez orain, otsailean bukatzen zen Txatxilipurdi elkartearekin 2017an sinatutako zerbitzu kontratua. Horren arabera, Txatxilipurdi arduratzen da Txaloka ludoteka, udaleku irekien koordinazioa eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa kudeatzeaz. Baina kontratu berria martxoan hasi baino ikasturtearekin batera hastea egokiagoa litzatekeela erabaki zuten Hezkuntza eta Haur eta Gazteria departamentuek eta halaxe jakinarazi zuten Tokiko Gobernu Batzarrean. Ludoteka eta Txipistin zerbitzuak urte akademikoarekin batera doazelako, eta udaleku irekiak ere, uztailean egiten direlako, ikasturtea amaituta, opor garaian alegia. Proposamena ontzat eman zen eta ondorioz, Txatxilipurdi elkartearekin udalak zuen kontratua abuztuaren 31ra arte luzatzea erabaki zen.
Kontratua luzatuz irabazi den sei hilabeteko epe horretan, udalak, ludoteka, Txipistin eta udaleku irekien koordinazioaren zerbitzua esleitzeko prozesu berria burutuko du. Deialdia, egungo egoerara egokitu beharko da, izan ere, bereziki haur eta nerabe etorkinei zuzendutako bertakotze programa eta uztaileko udaleku irekiak etengabe handitzen aritu baitira azken urteotan. Horrek, baliabide pertsonal eta material gehiago eskatzen ditu, baliabide ekonomiko gehiago ere bai, guztia kontutan hartu beharko da zerbitzu esleipenerako deialdi berrian.
Hasiera batean, Hezkuntza eta Haur eta Gazteria batzordeek kudeatzen dituzten zerbitzuen esleipenak aparte, bakoitzak bere aldetik egiten zituzten, 2013an hirurak batera, deialdi bakarrean, kontratatzea erabaki zen arte. Orduz geroztik, Txatxilipurdi elkarteak kudeatu ditu bi kontratazio prozedura irabazi ondoren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!