Txartel bidezko sarrera sistema berria jarri da Errekalde eta Bidebarrietako auzokonpost guneetan

Laster 10 urte beteko dira Oñatiko auzokonpost guneak martxan jarri zirela. Herritarren % 25ek konpostatzen du egun.
Udalak hondakinen kudeaketa jasangarriarekin eta zero zabor helburuarekin duen konpromisoari eutsiz, auzokonposta prozesua hobetzeko pauso berriak eman ditu, tartean, sarrera sistema aldatu du, erabiltzaileei mugatuz bertara sartzeko aukera. Txartel bidezko sarrera sistema jarri da bi auzokonpost gunetan, proba moduan, Errekalden eta Bidebarrietan. Atea irekitzeko txartelak, erabileraren inguruko argibideak laburbiltzen dituen informazio orriarekin batera, postaz bidaliko zaizkie erabiltzaileei, datorren astean zehar. Sarrailak aldatuta daude baina txartela erabiltzaile guztiek jaso dutela egiaztatzerakoan aktibatuko da sistema berria.
Txartel bidezko sarrera sistema berria herrian dauden zazpi auzokonpost guneetatik bitan jarri da, oraingoz. Baina guztietan bestelako aldaketa batzuk igarriko dira aurrerantzean, Udalak, auzokonpost guneen mantenu arrunterako zerbitzua kontratatu baitu, konpostatze prozesu egokia eraman dadin. Alejandro Martin kontratatu da mantenu zerbitzu hori egiteko, urte amaierara arte. Bere zeregina izango da, konpost kutxa bakoitzean herritarrek eramandako hondakin organikoa nahastu, egituratzailea bota, hezetasuna kontrolatu eta errefusa diren zatiak bertatik ateratzea. Konpostatze prozesua kontrolatu eta mantentzeaz gain, gunearen intzidentziak jaso eta Udalari jakinaraziko dizkio eta egituratzaile kutxa txikietan behar beste material dagoela kontrolatuko du.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!