Oñatiko udala

Txarri Jaia egingo da larunbat arratsaldean Arantzazun.

2014/02/18
Card image cap
Argazki emanaldia, “basoa eta txerria. Gure ohituren ardatzak” izeneko solasaldia eta txarripoteoa antolatu dira.

  Txerria Europako gizarteetan funtsezko janaria izan da. Etxean hazten ez zituztenean basoetara eramaten zituzten zorura erortzen ziren fruitu, ezkur edota pagotxez elika zitezen. Orain gutxira arte inguruko basoetan txerri taldeak ibiltzen ziren eta behin hilda beren okelak gosea arintzeko balio zuen. Oñatiko ekonomian ere, puntura arte, behar beharrezkoa izan da txerria eta bere inguruan kultura eta tradizio sakon bat osatuz joan da. Baina tamalez ia galtzear dago. Zentzu honetan Arantzazu Parketxeak eta Arantzazuko Adiskideak, larunbaterako antolatu duten TXERRI JAIArekin ondare etnografiko-kultural hau ezagutzera eman nahi dute, txerria eta basoa balioan jarriz.

  Hiru baliabide erabiliko dituzte: argazki emanaldia, solasaldia eta pintxo pote berezia. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Gandiaga Topagunean.

  Natxo Santos argazki zaleak gure baserrietan ohikoa izan den txerri-hilketaren une garrantzitsuenak jaso ditu irudietan. Horiekin osatutako muntaia erakutsiko da larunbateko TXERRI JAIA hasiz. Ondoren, Jose Antonio Azpiazu eta Jerardo Elortzak hitzaldia egingo dute. Biek gaur egun arte iraun duen baserriko txerri-jardueraz berba egingo dute bereziki ikuspegi historiko-kulturalaz arituko dira eta txerriaren inguruan garatu diren usadio eta ohiturez azalpenak emango dituzte. Hitzaldi hutsa izan gabe, solasaldia izatea lortu nahi da, hala, bertaratutakoek dituzten esperientziak partekatzea espero da.

  Arratsaldeko 19:30ak inguruan berriz,  Arantzazuko jatetxeetatik txarri-poteoa egin ahal izango da. Euro eta 50 xentimoren truke, txerrikiaz egindako pintxoa eta edaria dastatu ahal izango dira,  Zelai-Zabal, Sindika, Goiko-Benta eta Arantzazuko Santutegia hotelean.

  Larunbat arratsalde-ilunkarako TXERRI JAIA, Antzazuko Parketxeak eta  Arantzazuko Adiskideak elkarrekin antolatu dute, Arantzazu Gaur Fundazioa eta auzoko jatetxeen laguntzarekin.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!