Oñatiko udala

Txaro Basurto eta Pedro Altuna senar-emazteak omenduko dira igandean

2017/06/23
Card image cap
200 lagun elkartuko dira Jubilatuen Eguneko bazkarian

   12:00tan hasiko den mezaz ekingo zaie Jubilatuen Eguneko ospakizunei.  Meza ondoren herriko nagusiak Zubikoa kiroldegira hurbilduko dira eta bertan jada jotzen arituko den musika bandak ongi-etorria egingo die. Ondoren omenaldia eta bazkaria izango dira.

  Urtero bezala, Pake lekuko bazkide  nagusienen artean ospakizunera joateko moduan leudekeen emakume eta gizonezko banaren bila aritu dira antolatzaileak. Ez dute zertan bikote izan beharrik baina aurten hala gertatuko da, Txaro Basurto eta Pedro Altuna senar-emazteak izango baitira Oñatiko jubilatu eta pentsionista guztien ordezkari gisa omenduko direnak. Txaro Basurto1927an jaioa da eta Pedro Altuna berriz, 1924an. Ohiko txapela eta zapia jarrita lore sorta ere oparituko diete. Ondoren, Oñatz dantza taldeko gaztetxoek aurreskua eta dantza saiotxoa eskainiko diete.

  Omenaldia amaituta jubilatuen eguneko bazkaria izango da. Beren txartela erosi duten jubilatuekin batera udal ordezkariak ere kiroldegian izango dira. Guztira 200 lagun inguru bilduko dira domekako bazkarian. Ospakizuna alaitzeko sari ezberdinak zozkatuko dira eta dantzaldia ez da faltako. Domekako ekitaldiekin astelehenean hasi zen Jubilatuen Asteari amaiera emango zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!