Txantxiku ikastolak “konfiantzaren pedagogia”ri buruzko ikastaroak antolatu ditu guraso berrientzat

2015/09/14
Card image cap
Proiektu berritzaile hau datorren ikasturtean jarriko dute martxan Haur Hezkuntzan

  Haurrak era autonomoan garatzeko duen gaitasunean konfiantza izatea da pedagogia berritzaile honen ardatz nagusia. Era berean, umearen erritmo biologiko, kognitibo eta emozionala errespetatzen du. Adin ezberdinetako haurrak harremanetan jarriz, elkarrekiko interakzioa bilatzen da, elkar lagunduz eta imitatuz ikasi dezaten. Proiektu berriak, familiaren presentzia ere areagotzen du, haurrari ziurtasuna ematen baitio etxea eta ikastolaren arteko harremana estuak. Horrek guztiak espazioaren berrantolaketa eskatzen du, espazio zabalak eta interesgarriak sortzea ezinbestekoa baita. Ondorioz,  proiektu pedagogiko honen haritik, proiektu arkitektonikoa ere gauzatuko du ikastolak.

  Konfiantzaren pedagogia hau ezagutzera eman asmoz eta ikasle berri izan daitezken horien gurasoekin landu asmoz, ikastaroak antolatu dira urtebete edo gutxiago duten haurren gurasoekin eta baita haurdun daudenekin.
Hilean behin izango diren ikastaro hauek, ostiral arratsaldez, 17.00etatik 19.00tara egingo dira. Lehena, aste honetan bertan izango da eta gurasotasunaz eta haurraren lehenengo sei urteen garrantziaz berba egingo da.

  Senaren edo instintuaren teoria eta konfiantzaren pedagogiaren oinarriak, umearen erritmo biologiko eta intelektualak, atxikimendu sena, atxikimendu motak eta ezaugarri familiarrak, banaketa eskolatzean edota garapen kognitiboa dira maiatza bitartean egingo diren 9 ikastaroen gaietako batzuk.

  Parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da eta horretarako azken eguna etzi, hilaren 16a izango da. Informazio gehiagorako nahiz izena emateko Ikastolara zuzendu behar da 943.781204 zenbakira deituz edo mezua txantxiku@ikastola.eus helbidera bidaliz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!