Astelehenean irekiko da Txaloka ludoteka

2022/09/13
Card image cap
Astean ekintza bereziak egiten ari dira herriko gune ezberdinetan

  Ikasturte berria prestatzen ari dira Txaloka ludotekan. Datorren astelehenean irekiko dira Lizaur kaleko 5ean dagoen lokalaren ateak baina aurrez, ludoteka kalera atera eta, herriko haur guztiek ezagutu dezaten, parte hartzeko ekintza programa berezia burutzen ari dira, arratsaldero. Ekintza berezi hauek plazan hasi ziren atzo eta gaur Goienako parkean izango dira, zirko eta bitxigintza tailerrak egiten. Bihar, Makedo eta eraikuntza jolasak Errementari plazan izango dira, ostegunean merienda osasuntsua eta ortu apainketa izango dira ludotekan eta ondoko Ortu txikian, eta ostiralean, amaitzeko, aurpegi margoketa eta jauzgailua Olakuako kantxan. Aste honetako saio bereziak 16:30tatik 19:30tara dira, herriko haur guztiei zuzenduta. Haurrek heldu baten ardurapean egon beharko dute. Helduek ludotekaren funtzionamenduaz edota ordutegiaz galdetu ahal izango dute ekintza berezi hauek dirauten bitartean.

  Txalokan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Egokitzapen batzuk egin ziren iaz, izen-ematea ikasturtera lotuz, hau da, irailetik ekainera artekoa bihurtuz. Dena den, urtea bitan banatzeko aukera dago izena ematen denean. Ordainketari dagokionean berriz, hobariak eskaintzen dira. Baina xehetasun guzti horiek asteko ekintza berezien tartean galdetu ahal izango dira, esan bezala, edo datorren astelehenetik aurrera ludotekan bertan.

  Txaloka ludoteka 3 eta 8-9 urteko haurrei zuzendutako udal zerbitzua da. Astelehenetik ostiralera arratsaldez zabaltzen da. Lokala guztiz berritu zen 2019an eta haurren sormena eta elkarrekintza sustatuz, bitarteko berriak jarri ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!