Oñatiko udala

Txakur gorotzak jaso daitezen kartelak jarri ditu udaltzaingoak

2022/02/17
Card image cap
Lizaur kalea eta Otadui zuhaiztia arteko erreka ondoko pasabidean jarri dira kartelak

  Ohartarazpen kanpaina txikia abiatu du udaltzaingoak txakur gorotzak jaso beharrekoak direla gogoraraziz. Kanpaina txikia diogu, herriko gune konkretu batean egin delako, Lizaur kalea eta Otadui zuhaiztia elkar lotzen dituen erreka ondoko pasabidean. Herritar asko ibiltzen da pasealeku horretan, batzuk, txakurrak paseatzen, baina zenbaitek ez dituzte animalien gorotzak jasotzen eta hondakinak nonahi eta noiznahi ikusten dira. Kale garbitzaileek halakoak jasotzen dituzte baina ardura animalien jabeena dela gogoraraziz kartelak jarri dira.

  Gorozkiak ez jasotzeagatik 300 euroko isunak jartzea aurreikusten da etxe abereen udal ordenantzan, baina zigorrak jartzen hasi aurretik, txakur jabeen kontzientziara jo nahi izan da. Animalien gorotzek pasealeku atsegina izan beharko lukeena hondatzen dutela diote farola eta babes hesian jarri diren kartelek eta legez jaso beharrekoak direla ere aipatzen da.

  Txakur gorotzak arazo bihurtu diren erreka ondoko pasealeku horretan bakarrik jarri dira kartelak, oraingoz. Baina herriko beste gune batzuetara zabaltzea ez da baztertzen. Orain bospasei urte, antzerako sentsibilizazio kanpaina egin zen herriko berdeguneetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!