Oñatiko udala

Txaketuaneko bidegututzea trafikorako itxita dago

2021/04/13
Card image cap
Oztopo-zutoin hidraulikoak jartzeko prestatze-lanak egiten ari dira

Atzo hasi ziren ingurua prestatzen Ugarte enpresako langileak. Oztopo-zutoin hidraulikoak instalatu aurretik egin beharreko lanek errepidea ixtea eragin dute eta hala, itxita, mantenduko da ostiralera arte. Kale Zaharrera zamalanak egitera doazenei soilik uzten zaie pasatzen.

  Lanak parrokia aldamenean egiten ari dira eta datorren astean Txaketua taberna aldamenera, ONCE kabina parera aldatuko dira. Hortik aurrera pasatzeko bidea beste lauzpabost egunez itxiko da. Orduan, kale Zaharrera zamalanak egitera doazenek Unibertsitate etorbidetik barrena joan beharko dute. Bi aste hauetan oztopo-zutoin hidraulikoak jartzeko prestaketa lanak amaitzea espero du udaltzainburuak. Ondoren oztopo-zutoinak kokatuko dira baina ez da errepidea guztiz itxi beharko.

  Txaketuaneko bidegurutzea asteburu eta jaiegunetan ixteko hainbat sistema erabili dira orain arte: hesiak jarri ziren hasieran, zaintza kamerak ondoren eta gunearen seinaleztatze horizontal eta bertikala hobetu zen gero eta orain hiru urte, berriz, semaforoak. Baina horiek ere arazoak eragiten dituzte, nagusiki, kanpotik datozen gidarien artean, askok ez dituztelako inguruko seinaleak ondo ulertzen eta denboratan egoten direlako semaforo parean berde jartzearen zain. Arazoa behin betiko konpontze aldera, zutoin edo pibote hidraulikoak jartzea erabaki zuen udalak; bina oztopo-zutoin jarriko dira Parrokia aldamenean eta Bakardadeko Ama kalearen barrenean. Baimendutako ibilgailuen matrikulak irakurtzeko sistema izango dute eta hauek hurbiltzean automatikoki jaitsiko dira, bidea irekiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!