Txaketuaneko bidegurutzea kontrolatzeko kamera bihar jarriko da martxan

2018/06/21
Card image cap
Bidegurutzea trafikorako itxita dagoenean baimendutako ibilgailuak soilik pasatzen direla zainduko da

  Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxi egiten da ostiral arratsaldetan, larunbat eguerditik igande gauerdira eta jaiegunetan. Bidea oztopatzen duten bi hesi jarri izan dira errepidean. Baina beti ez da debekua betetzen eta zenbait gidarik oztopoa saihestuta aurrera egiten dute. Hesiak alde batera kenduta edo apurtuta ere agertu izan dira. Sistema eraginkorrago baten bila ibilgailuen sarbideak kontrolatzeko kamera jartzea erabaki zuen udalak.

  Matrikula irakurle sistema instalatu da eta beharrezko frogak egin ondoren, bihar jarriko da martxan. Kamera Unibertsitate etorbideko 4 zenbakian dagoen zutabean dago eta bertatik, Unibertsitate etorbidetik bi norabideetan pasatzen diren ibilgailuak kontrolatuko dira. Baita Kale Zaharra eta Foruen enparantzako sarrerak ere. Horrela, baimendutako ibilgailuak eta ordutegitan soilik sartzen direla zainduko da. Inguruan, trafikoa kamera bidez zaintzen den gunea dela adierazten duten kartelak jarri dira.

  Txaketuaneko bidegurutzea ostiraletan 16:00tatik larunbata 7:45 bitartean eta larunbata eguerditik igandea gauerdira bitartean ixten da, baita jaiegunetan ere. Baimenik ez duten ibilgailuek beraz, ezin dute pasa eta hori zainduko da matrikula irakurle sistema duen kameraren bidez. Zerbitzu publikoek soilik dute edozein unetan bertatik pasatzeko baimena, hau da, Herribusak eta taxiek, sanitarioek, ertzain eta udaltzainek nahiz botikak hornitzeaz arduratzen diren ibilgailuek. Trafikora itxitako gunetik baimenik gabe pasatzen den ibilgailuaren jabeari 200 euroko isuna jarri dakioke.

  Bihar martxan jarriko den kamera bidezko zaintza sistema hilabeteko atzerapenez hasiko da lanean, ezezagun batzuk manipulatu egin baitzuten maiatzean jarri zenean. Mugitu egin zuten eta fokoa aldatu zioten. Berriro jarri denean askoz gorago kokatu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!