Oñatiko udala

Txaketuako bidegurutzea astelehenetik ostiralera irekita mantentzeko asmoa du udal gobernu taldeak

2017/05/12
Card image cap
Inguruko abiadura muga egokitu eta bete dadin bitarteko teknikoak jartzea aztertzen ari dira

  Zazpibidieta edo Txaketuako bidegurutzea motordun ibilgailuentzat ixteko proba martxoan hasi zen. Hiru hilabeteko epea finkatu zen probaren eraginkortasuna baloratu ahal izateko, baina bitartean, udal ordezkariak herritarrekin eta eragile ezberdinekin harremanetan izan dira. Gainera, pasa den urrian egin ziren trafiko neurketak berritu dira. Jasotako iritzi eta datuak baloratu ditu udal gobernu taldeak eta hainbat aldaketa egin asmo epe laburrean.

  Zazpibidieta edo Txaketuako bidegurutzea ostiraletik igandera itxiko da. Horrek esanahi du, astelehenetik ostiralera arte irekita izango dela ibilgailu guztientzat. Baina inguruan dagoen abiadura muga berraztertu eta berau errespetatzeko bitarteko teknikoak jarri asmo dira. Izan ere, pasa den urrian bezala, apirila-maiatzean egin diren trafiko neurketetan ikusi baita gidarien %19-20 inguruk behar baino abiadura handiagoan zeharkatzen duela herri-guneko puntu hori, oinezkoentzako arriskua sortuz. Bidegurutzea itxita dagoen bitartean ere sortu daitezkeen arau hausteen jarraipena egingo da eta horretarako bitarteko teknikoak jarri asmo ditu baita ere. Txaketuako bidegurutzea eguerditik aurrera itxita izan den aste hauetan ikusi ahal izan denez bestalde, maiatzaren 1eko aparkalekuaren erabilera jaitsi da. Alde horretatik, gobernu taldeak gogorarazi nahi du bidegurutzea itxita egonagatik ere Maiatzak 1eko aparkalekuak erabilgarri daudela.

  Txaketuako bidegurutzea astelehenetik ostiralera irekita mantentzeko asmoa dago esan bezala, baina aurretik, abiadura errespetatu eta balizko arau hausteen jarraipenerako bitarteko teknikoak jarri nahi dira. Beraz, bidegurutzearen irekiera hori ez da berehalakoan egingo. Bidea ixteko proba pilotuaren iraupena hiru bat hilabete izango liratekeela aurreratu zen eta epe hori ekaina erdialdean betetzen da.

  Bitartean esan bezala, neurrien diagnosi egokia egiteko, besteak beste trafiko neurketak egin dira, bai unibertsitate etorbidean eta baita Kalegoienan ere. Kalegoienan espero bezala trafikoa handitu egin da, %20 ibilgailu gehiago pasatzen dira egun bertatik. Honek, orohar, bataz besteko abiadura jaistea ekarri du, eta auto gehien pilatzen den ordu puntetan, bataz besteko abiadura moteldu egin dela ikusi da. Zazpibidietako bidegurutzean ordea, trafikoa gutxitu den arren, markatutako abiadura baino azkarrago doazenen kopurua apenas jaitsi da, gobernu taldeak emandako datuen arabera.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!