Turista kopuruak nabarmen gora egin zuen iaz Oñatin

Arrikrutz-Oñatiko Koban inoizko daturik onenak erregistratu ziren iaz, 16.566 bisitari izan baitziren bertan. Turismo Bulegoak ere 2017an baino %10 bisitari gehiago jaso zituen, 17.096 bisitari hain zuzen ere. Aipagarria da egun herriko turismo bulegoak Arantzazukoak baino bisitari gehiago jasotzen dituela. Fenomeno hori azken bi urteetan gertatu da. Turismo bulegoko bisitari askok gainera, bertan eskaintzen diren bisita gidatuak egin ohi dituzte, eta horretan ere igoera nabaria izan zen 2018an, bisita gidatua aukeratu zutenen kopurua %16 handitu baitzen. Gurera datozen bisitariek herrian denbora gehiago eman dutela ondorioztatu genezake.
Baina amaitu berri den urteko datuak ikusita bereziki aipagarria da Txokolateixak eskaintzen dituen bisita gidatuetan izan zen hazkundea, 2017ko datuekin alderatuta, % 63 gehiago izan zirelako bisita gidatuen hautua egin zuten lagunak. Hazkunde hau udaberri eta udazken bitarteko hilabeteetan eman zen bereziki, urte sasoi horretan bisitari gehiago erakarriz herrira.
Oñatik aspaldi egin zuen kalitatezko turismo jasangarria sustatzearen alde. Hala, turismorako azpiegitura jasangarriak gauzatu dira eta hauen kudeaketan kalitatearekiko konpromisoa landu da. Turismo bulegoak Kalitatezko Q ziurtagiria dauka 2006tik eta Arrikrutzeko kobak Turismo kalitatearen konpromisoa ziurtagiria 2010etik. Txokolateixiak berriz, Euskadi Gastronomika ziurtagiria du eta hain oñatiarra den txokolatearentzat leiho ez ezik, bertako beste hainbat produktu ezagutarazteko eskaparate bihurtu da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!