Turismo bulegoak eta Arrikrutz-ko kobak ordutegi berria dute.

2014/07/23
Card image cap
Oinatur enpresak bisitarientzako harrera zerbitzua zabaldu du eta egunero irekitzen dira.

  Uztailaren 16an hasi zen Oinatur elkarte kooperatiboa Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala eskaintzen. Alegia, turismo bulegoa, bertan dagoen San Migel Errota eta Arrikrutz koba kudeatzen. Eta enpresa berriaren lehen aldaketak zerbitzuen egutegian antzeman dira, uztaila eta abuztuan, egunero irekiko baitira.

  Turismo bulegoa, lehenago ere, egunero irekitzen zen baina aurrerantzean, domeka arratsaldetan ere zabalik aurkituko dugu. Horrek, bertatik bideratzen diren bisita gidatuetan eragin du eta uztaileko asteburuetan eskaintzen direnak ugaldu dira. Hala, orain uztailean zapatu eta igandetan, 12.00tan eta 17.00tan Parrokia eta Unibertsitatea ezagutzeko bisita gidatuak egiten dira. Abuztuan, bisita hauek egunero egin ahal izango dira. Bisitak turismo bulegotik abiatuko dira.

  Arrikrutzen ere egutegia zabaldu da uztaila eta abuztuan. Orain arte, kobak astelehenetan ixten baziren, uda beteko bi hilabete hauetan, egunero irekiko dira. Egunero, 9.30tatik ordu bi eta erdietara eta arratsaldeko 3 eta erdietatik 7etara. Gainera, abuztuaren 30ean ESPELEOTXIKI 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako espeleo-bisita berezia egingo da. Parte hartzeko erreserba egin behar da, 943.082000 telefono zenbakian. Abuztuan zehar ere, koba ikusi nahi dutenei aurrez txanda hartzea gomendatzen zaie.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!