Oñatiko udala

Turismo aukera ugari Aste Santura eta udaberrira begira

2022/04/08
Card image cap
Naturaz eta herri guneaz gozatzeko eskaintza berezia prestatu da

  Aste Santua ate joka dugula eta, Oñatik turismo mailan eskaintzen dituen aukera ugarien berri ematen duen esku-orria zabaldu du udaleko turismo departamentuak. Natura ingurunean Arrikrutz-Oñatiko kobak, Arantzazuko parketxea, Gomiztegi baserria, Arantzazuko santutegia eta Pottokalekuko eskaintza jaso da eta herri gunean turismo bulegoak, Ertaroko San Migel errotako interpretazio guneak eta Txokolateixak egiten dutena. Bisita gidatu bereziak eta eguneroko jarduerak bildu dira informazio orrian.

 

  Herriko turismo zerbitzu guztiek ordutegia moldatu eta zabaldu egingo dute Aste Santuko egun seinalatuetan, eta ekintza bereziak programatu dituzte. Arrikrutzeko koba, esaterako, egunero irekiko da, baita Pazko astelehenean ere, eta apirilaren 14, 16 eta 17an Espeleotxiki bisitak egingo dira haur eta familiei zuzenduta eta 18an berriz, EspeleoArrikrutz, 18 urtetik gorakoentzat.

 

  Arantzazuko parketxean eta Gomiztegi baserrian ere ekintza bereziak antolatu dituzte: Gaztagintzaren sekretua apirilaren 14an egin ahal ziango da parketxetik abiatu eta Gomiztegin amaituz, eta Pazko domekan berriz, parketxe inguruan Arantzazuko altxorraren bila orientazio jolasa errepikatuko da. Arantzazun bertan Santutegiko historia eta euskal artisten lanak bisita egin ahal izango da asteburu eta jaiegunetan. 10:30tan bisita euskaraz egingo da eta 12:30tan gazteleraz, Arantzazuko turismo bulegoko teknikariek lagunduta.

 

  Herri gunera etorriz, turismo bulegoak Oñatiko altxorrak bisitak antolatu ditu Aste Santuan egunero 13:00tan eta 17:00tan egiteko. Ordutegi horretaz haratago ere bisita egin ahal izango da, beti ere, aurrez erreserba eginda. Turismo bulegoan bertan dagoen San Migel errota ere bisitatu ahal izango da. Txokolateixia interpretazio gunean ere Oñati txokolatearen herria bisitak egin ahal izango dira egunero, 11.30tan, erreserbapean. Eta beste horrenbeste Pottokalekuk antolatutako Euskal pottoka behatzeko bisita bereziak ere.

 

  Bisita aukera ezberdinak, ordutegiak eta herrian dauden turismo zerbitzu ezberdinen harremanetarako telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak jasotzen dira udaleko turismo departamentuak euskaraz eta gazteleraz argitaratu dituen Udaberria Oñatin esku-orrietan.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!