Traste zaharren bilketarik ez da egingo Oñatin datorren astean

2022/09/20
Card image cap
Merkatari eta ostalaritza lokalen hondakinen bilketan aldaketak izango dira jaietan

  Ostegun gauetan egin ohi da gurean bolumen handiko traste zaharren bilketa. Datorren astekoa San Migel gauean egin beharko litzateke baina bertan behera uztea erabaki du Debagoieneko mankomunitateak. Inoiz bezperara aurreratu izan da, baina kasu horretan danborrada eta ondorengo ospakizunarekin bat egingo luke, eta beste egun aukerarik ikusi ez denez, bilketa ez egitea erabaki da. Beraz, aste honetakoaren ondoren, hurrengoa, urriaren 6an gauzatuko da.

  Gogoratu bolumen handiko traste zaharrak atera aurretik abisua eman behar dela telefonoz zer eta nora aterako den jakinarazteko. Datorren astean ez baina oraingoan edo urriko lehenean zerbitzu honetaz baliatu nahi duenak 943 711 938 telefono zenbakira deitu behar du.

  Urrutxuko garbigunea ere itxita egongo da irailaren 29an, San Migel egunean, Mankomunitatetik jakinarazi dutenez.

  Erdiguneko kaleetan kokatzen diren merkatari eta ostalaritza lokalen hondakinen bilketan ere aldaketak izango dira Herri Egunean eta Errosarixo Bixamon egunean. Bi egun horietan kale Zaharra, kale Barria , Atzeko kalea eta Foruen Enparantza trafikorako itxita egongo dira eta hondakinak batzeko kamioiak ezin izango du sartu.

  Urriaren 1ean, Herri Egunez, eta baita hurrengo astelehenean ere, Errosarixo Bixamonean, aipatu kaleetako denda, taberna, jatetxe eta elkarteei ez zaie jasoko dagokion hondakin frakzioa lokal aurrealdean eta hurbilen duten batze puntura eraman beharko dituzte. Batze puntuak bost izango dira: Txaketua inguruan dagoen ONCEko kabina ondoko aparkalekuan; Iturritxo ondoko ONCEko kabina ondoan prestatuko den gunean, Lizaur kalea 1eko esekitoki ondoan, Portu taberna pareko espaloian eta Ramon Irizar kaleko esekitoki ondoan. Gainontzeko kale eta zonaldeetan lokal atarietan jasoko da dagokion hondakin gaia.

  Aldaketa puntual hauen berri ematen duen idatzia prest dute Mankomunitatean eta datozen egunotan banatuko zaie ukitzen dituen dendari eta ostalariei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!