Trafikoan eragiten duten lanak egiten ari dira Berezao auzorako sarrera-errepidean

2017/09/11
Card image cap
Sartzeko arazorik ez dago baina Berezaotik irteten direnek eskumara hartuta Roke Azkune kale aldera jaitsi behar dute

  Gipuzkoako Urak enpresa ari da Berezao auzorako sarreran lanean.  Natra aldamenean zanga handi bat zabaldu dute eta horrek inguruko trafikoan eragiten du. Berezaotik irteten diren ibilgailuek eskumara, Roke Azkune aldera hartu behar dute derrigorrean. Berezaora sartzeko ez dago arazorik baina arretaz ibiltzea gomendatzen da errepidea estutu egin baita. Arantzazutik herri gunera sartzeko azkenik, saihesbidetik joan behar da. Berezao auzorako sarrera parean egiten ari diren lan hauek irailaren 24rako bukatuko dira, orduan ospatuko den Kilometroak jaiko ibilbidea bertatik pasatzen baita.

  Kaleetako asfaltatze eta margotze lanak berriz, bihar-etzi amaitzea aurre ikusten da. Herriko kaleen asfaltatze plana osatzen ari da. Gaur goizean San Lorentzo auzoan, orain aste gutxi dela kotxea erre zeneko gunean zorua asfaltatzen aritu dira. Eta Bidaurretako errotondatik Kurtzebide kalearen sarrera aldera zegoen zuloa ere konpontzekoa zen. Horiek eginda Santa Marina plaza ingurukoak bakarrik faltako dira: Kultur Etxetik Bakardadeko Ama kale aldera errepideak behera egin duen bi gunetan eta Moiua kalerako bidean estali beharreko beste zulo bat dago. Bi lan hauek gaur arratsaldean egitekoak ziren baina eguraldi bustiaren ondorioz biharko-edo atzeratu dira. Lan hauek egiten diren bitartean ibilgailuei paso txandaka emango zaiela jakinarazi digu udaltzain buruak.

  Bideen asfaltatzea bihar  amaituta, margotze lanak etzi egiteko asmoa dago. Santa Marina plaza inguruan, San Lorentzon, Aita Madina edota Portu kaleetan asfaltatu diren guneak margotzen dituzten bitartean trafikoa txandaka bideratuko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!