Torreauzorako bidegurutzean errotonda egiteko proiektua ikusgai dago udaletxean
GI-2630 errepidean, 18,250 KP-an Goribarko biribilgunea izango dena egiteko proiektua osatu du Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako departamentuak. Honek, Torreauzorako egungo bidegurutzea ordezkatuko du, T motako egungo bidegurutzea biribilgune bihurtuz.
Proiektuaren arabera 40 metroko kanpo diametroa izango duen biribilguneak, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango ditu. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errai bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, 2018an egin ziren hobekuntza lanen ondorioz eratu zen espaloia luzatuko da, Urbieta baserrirantz, eta autobus geraleku bihurtuko diren bi eremu ere prestatuko dira. Proiektuaren lizitazio aurrekontua 499.549,40 euro da.
Aipatu proiektua ontzat eman du Bide Azpiegituretarako foru departamentuak baina orain jendaurrean jarriko da alegazio edo iradokizunetarako hilabeteko epea irekiz. Dokumentua Donostian, Bide Azpiegituretarako departamentuaren bulegoetan ez ezik, udaletxean ere ikusgai dago, eta internetez, www.gipuzkoaerrepideak.eus web atarian.
Aldi berean, proiektuak erasango dituen ondasun eta eskubideen zerrenda ere jende agirian jarri da. Guztira 3 lursaili eragingo dio biribilgune berriaren proiektuak eta horietan kokatzen diren 411 metro karratu desjabetzea, 285 metro karratu aldi aterako hartzea eta 17 metro karraturen gain zortasun figura aplikatzea aurreikusten da. Halakoetan egin ohi denez, ukituko diren terreno guztien zerrenda osatu da, jabea, afekzio maila, lursailaren neurriak nahiz mugak zehaztuta. Eranskin hau ere ikusgai dago udaletxean, Hirigintza departamentuan.
GI-2630 errepidean Goribarko biribilgune moduan izendatu dena eratzeko lanak 2022an egingo direla iragarri zuten foru arduradunak pasa den otsailean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!