Toledoko itunaren murrizketen aurkako manifestazioa deitu dute pentsionistek

2020/12/03
Card image cap
Plazan egingo da, larunbat eguerdian

  Asteleheneko elkarretaratzean zabaldu zuten herriko erretiratu eta pentsionistek larunbaterako manifestazio deia. Azaro amaieran Toledoko itunaren batzordea bildu zen eta honek egindako gomendioekin, eta bereziki pentsionistentzat lehentasunezkoak diren gaiak aztertu ez izanarekin, oso kritiko agertu dira Euskal Herriko pentsionistak. Pentsioetan dagoen genero arrakalaz, 2023ra arte atzeratuta dagoen jasangarritasun faktore deritzonaz edota gutxieneko pentsioaz ez da berbarik egin Toledoko itunaren batzordean. Edo berba egin bada, barruko eztabaida isilarazi da eta ez dira zuzendu beharreko gomendioen artean jaso.

  Hala, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak hiriburu eta herrietan antolatutako dinamikarekin bat egingo dute Oñatiko pentsionistek zapatuan. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, Toledoko itunaren murrizketen aurka eta euskal babes-sozialaren sistema propioa aldarrikatzeko manifestazioa antolatu dute. Larunbatean izaki, egun aktiboan dauden langileak eta gazteak parte hartzera deitzen dituzte, etorkizuneko pentsionistak eta egun adosten diren neurrien onuradun, edo kaltetuak, eurak izango direla gogoraraziz.

  Toledoko itunaren murrizketei ez! lelopean egingo den manifestazioa plazatik abiatuko da, etzi, larunbatean, 12:00tan. Musukoarekin joatea eta segurtasun distantzia gordetzea eskatzen dute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!