Oñatiko udala

Toledoko itunaren murrizketen aurkako manifestazio berria egingo dute herriko pentsionistek bihar

2021/02/12
Card image cap
Gipuzkoa mailako ekitaldia behar zuena herriz herri egingo da, udalerrien itxiera perimetralak eraginda

  Toledoko itunaren murrizketei ez! lema hartuta deitu da biharko manifestazioa. Hasieran Gipuzkoa mailan  eta Donostian biltzeko asmoa zuten baina pandemiak eraginda ezin da udalerritik irten eta ondorioz, herrikako manifestazioak egitea erabaki du pentsionisten plataformak. Abenduaren 5ean jada halako beste mobilizazio bat egin zen gurean eta orduko lema berbera eramango da bihar.

  Toledoko itunak ez ditu aintzat hartu azken hiru urteetan astelehenero pentsiodunek kalean azaldu dituzten eskariak. Jarrera hori salatzeko nahiz azken erreformak baliogabetu daitezen eskatzeko manifestazioan irtengo dira herriko jubilatu eta  pentsionistak. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta euskal gizarte-babes sistema propioaren aldarrikapena egingo dute, beste behin ere.

  Toledoko itunaren murrizketei ez! lelopean egingo den manifestazioa plazatik abiatuko da bihar, 12:00tan. Musukoarekin joatea eta segurtasun distantzia gordetzea eskatzen dute antolatzaileek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!