Tokiko saltokietan kontsumo kontzientea sustatzeko erosketa bonoak eskuragarri jarriko dira bihar

2021/10/13
Card image cap
Udalak 30.000 euro bideratuko ditu diruz lagundutako bonoetara

  Kontsumo bonoen kanpaina berriaren aurkezpena goizean egin da, udaleko eta TXANDA elkarteko ordezkarien partaidetzarekin. Tokiko kontsumoa sustatzea eta bertako komertzioa herriarentzat zein garrantzitsua denaz jabetzea dira ekimenaren helburuak. 16 urtetik gorako herritarrei zuzendutako kontsumo bonoak eskuragarri jarriko dira bihar. Bakoitzak, 75 euro arteko muga izango du eta udalak %20arekin lagunduko du, 30.000 euroko partida bideratuz. Guztiak salduta, herriko saltokietan 150.000 euroko diru mugimendua sortuko da.

  Erosketa bonoen dinamika iazkoaren pareko izango da. Bonoak eskuratzeko bi bide izango dira, oñati.bonoak.eus plataforman, zuzenean, iazko pasahitza erabiliz edo berria bada alta emanda, edo ekimenera atxikitako dendetan. Kontu egin behar baita saltoki guztiek ez dituztela bonoak plataforman eskainiko baina hala egiten dutenek kartel bereizgarri bat izango dute erakusleihoan. Dagoeneko 30 merkatari, ostalari eta zerbitzuk eman dute izena baina gehiago batzea espero da,  atxikitzeko aukera izango baita kanpainak iraun bitartean. Bihar bertan hasiko da kontsumo bonoen kanpaina berria, eta hauek eskuratzeko epea azaroaren 30ean amaituko da. Bonoak erabiltzeko epea berriz, beste hiru egunez luzatuko da, abenduaren 3ra arte.

  Udalak 30.000 euro bideratuko ditu kontsumo kanpaina berrira, iaz baino 80.000 gutxiago. Baina egoera eta helburuak ezberdinak direla azpimarratu da gaurko prentsa-agerraldian. Iaz, dendari eta ostalariek hainbat hilabetetako itxialdiari aurre egin behar izan zioten eta herriko ekonomia berriz sustatzeko kanpaina izan zen, nagusiki. Aurten, kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina moduan antolatu da, tokiko merkatari eta ostalariek herriari egiten dioten ekarpenaz jabetu gaitezen. Herriari argitasuna, aberastasuna eta konfiantza ematen diotenaz kontziente izan gaitezen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!