Tokian tokikoa kontsumitzearen aldeko kanpaina jarri du abian TXANDAk

2021/07/23
Card image cap
Kotoizko poltsak banatuko dituzte eta horiekin argazkia ateratzea sarituko dute

  Joko Olinpikoak direla eta, guztien ahotan dabilen Tokio hiriaren izenarekin hitz-jokoa egin du Txanda dendarien elkareak, tokian tokikoa kontsumitzearen garrantzia azpimarratzeko. Tokikoa edo Tokiokoa lemapean sentsibilizazio kanpaina jarri du abian, hurbileko kontsumoa sustatzeko.

  Kanpainaren lehen ikurra Txandako komertzioen atarietan jarri ziren puntu gorriak izan dira, eta bigarrena, dagoeneko banatzen hasi diren kotoi organikozko poltsak. Batak zein besteak tokikoaren garrantzia agerian uzten dute. Horren haritik, herriko dendarien elkarteak TOKIKOZALEAren figura aldarrikatu nahi du. Erosketak bere herriko dendetan egiteko joera duena, 0 km.-ko gaiak kontsumitzen dituena eta herriari bizitza ematen dion pertsona da TOKIKOZALEA.

  Jarrera hori ikustaraztea proposatzen du Txandak, bezeroei banatzen hasi zaizkien kotoizko poltsak nonahi erabiliz. Gainera, uda partean poltsa horiekin ateratako argazkiak Instagramen zintzilikatzen dituzten herritarren artean 50€-ko sei sari zozketatuko dituzte irailean. Horretarako, #NiTokikozale hastag-a erabili beharko da.

  Tokian tokiko kontsumoaren aldeko sentsibilizazio kanpaina hau gauzatzeko, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren laguntza izan du Txandak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!