Taupadak elkartasun azoka abenduaren 18an egingo du Elkar Hezi ikastetxeak
Halaxe jakinarazi dute ikastetxetik bertatik, Taupadak elkartasun azoka plazara itzuliko dela abenduaren 18ko goizean. Gobernuz Kanpoko Erakundeen azoka prestatzen hasi dira eta herriko nahiz eskualdeko erakundeei parte hartzeko gonbidapen berezia egin diete. Hurbileko elkarte eta talde horiek herrian errotuta eta txertatuta egon ohi dira, baina zaila izaten dute, sarritan, egiten duten lana beraien ingurukoetatik haratago zabaltzea. Horretarako aukera eman nahi da Taupadak elkartasun azokan, hau da, herri edo bailara mailan diharduten talde txikiei egiten duten lana aurkezteko gunea eskaini nahi zaie. Bide batez, gure bailarako elkartasun ekosistema ezagutu eta sustatu nahi da.
Baina bestelako gaiak ere jorratuko dira Taupadak elkartasun azoka honen haritik: migrazio fluxuak, giza eskubideen urraketa, genero indarkeria, pobrezia energetikoa edota agenda 2030eko aldarrikapenekin bat eginda, klima aldaketa edo basoen desagerpena. Kontu egin behar baita Taupadak azoka plazara ateratzerako elkartasunaren gaia zentzu zabalean aztertu eta jorratzen dutela Elkar Hezi ikastetxean, azokara etorriko diren GKEtako hainbat ordezkarirekin.
Pandemiak eraginda iaz ez zen Gabonen aurreko elkartasun azokarik egin baina ilusioz itzuli da prestaketa lanetara Elkar Heziko komunitatea. Pandemiak berak tokikoaren garrantzia azaleratu duela jakinik, tokiko elkartasuna aldarrikatu eta hauspotuko dute abenduaren 18ko azokan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!