Oñatiko udala

TAO sistema indarrean da berriro

2020/06/02
Card image cap
Kale eta auzoetako komun publikoak irekita daude

  Martxo erdialdean itxi egin ziren berez garbitzen diren komun publikoak eta bertan behera utzi zen TAO sistema, makinak prezintatu egin baitziren. Neurri horiek higiene arazoengatik hartu ziren. Atzo berriz, aldaketak etorri ziren. TAO edo OTA makinak estaltzen zituzten plastikoak kendu berriro aktibatu dira. Ondorioz, erdiguneko kaleetan aparkatzea mugatzen duen sistema berriro indarrean da, atzo ezkeroztik. Era berean, kale eta auzoetako komun publikoak ireki dira eta erabilgarri daude berriro.

  Alarma egoera indarrean sartu zenean administrazioarekiko epeak ere etenda geratu ziren baina eten hori atzo jaso zuen Oñatiko udalak. Preskripzio eta iraungitze epeak ere aste honetan jasoko dira, ostegunetik aurrera hain zuzen ere, ekainaren 4tik aurrera.

  Neurri guzti hauek Larrialdietako Udal Batzordean erabaki ziren, pasa den astean. Udalbatza osatzen duten bi taldeetako ordezkariek, udaltzain-buruak  eta hainbat udal teknikarik osatzen dute batzorde berezi hau. Alarma egoera eta deseskalatzearen fase ezberdinak herrian nola gauzatu eztabaidatu eta erabakitzen den udal foroa da.

  Batzorde honek Usako bainu gunearen egoera ere aztertu du. Une honetan zalantza asko daude gaiaren inguruan, arauek hondartza eta igerilekuak aipatzen dituztelako baina ez erreketako bainu-lekuak. Eusko Jaurlaritzan kontsulta egitekotan geratu ziren. Usakoko bainu-denboraldia ekaina erdialdean ireki ohi da baina aurrez, putzua garbitu egiten da eta ingurua txukundu eta prestatu. Halakorik ez da egin aurten, eta egingo denik ere erabakitzeko dauka Udalak. Sorospen zerbitzurik ez dago eta ez bainatzea gomendatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!