Oñatiko udala

TAO kontrolatzaileen lan poltsa osatuko du Udalak

2023/05/10
Card image cap
Deialdia gaur argitaratu da eta izen-ematea maiatzaren 24an amaituko da

  Azken Osoko Bilkuran, bi TAO zaintzaileren aldi baterako programa onartu zuen udalbatzak, aho batez. Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako 2022 programaren baitan iazko urte amaieran lanean hasi ziren bi TAO zaintzaileen kontratuak amaitzear daude. TAO sistema benetan eraginkorra izan dadin, kontrola egingo duen norbait behar dela ikusi da bost hilabete hauetan zehar. Lanari jarraipena eman asmoz, aldi baterako programa onartu da eta aldi berean, TAO kontrolatzaileen lan poltsa osatzeko deialdia egin du Udalak. Iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkarian, izena emateko epea irekiz; 10 baliodun egun izango dira, maiatzaren 24ra arte.

  TAO kontrolatzaileen lan poltsara aurkeztu ahal izateko, eskola graduatua eta II. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara ezagutza izatea eskatzen du udalak. Horrezaz gain, azterketa egiteko 10 euroko tasa ordaindu beharko da. Oposizio-lehiaketa sistema erabiliko da eta hautagaiek propio zehaztu den gaitegian oinarritutako azterketa teorikoa gainditu beharko dute. Euskara maila agiri bidez ziurtatzen ez dutenek ere, euskarazko azterketa egin beharko dute. Bi probak gaindituta, lehiaketa fasean, esperientzia eta prestakuntza baloratuko dira; titulazio akademiko ofizialak, lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eta euskara maila. Izen-emate epea 10 egunera mugatu da eta azterketaldia lehenbailehen burutzeko asmoa dago.

  Lan poltsa deialdian ez da zehazten baina apirileko Osoko Bilkuran onartu zenez, Udalak bi TAO zaintzaile kontratatu asmo ditu, eta bakoitzaren lan jarduna % 50ekoa izatea aurreikusten da. Txandaka arituko dira lanean, bat goizez, astelehenetik larunbatera, 9:00etatik 13:00etara eta bestea arratsaldez, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara. Aldi baterako programa honek urtebeteko iraupena izango du, Udaltzaingoak dituen beharrak asetzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!