Tabernako terrazen udal ordenantzan irizpide berriak txertatzea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran

2022/06/30
Card image cap
Bi adierazpen ere eztabaidatuko dira EH Bilduren eskutik

  Covid-19ari aurre egin ahal izateko eta agindu ziren distantziak eta mahaien okupazio mugak arintzeko, ostalaritzako terrazen eremua bikoiztea onartu zen 2020ko maiatzaren 15ean, alkate dekretuz. Larrialdi egoera gaindituta aipatu neurriak bertan behera uztea proposatuko da gaurko osoko bilkuran. Aldi berean, Taberna aurrealdeko mahai eta aulkiak jartzeko udal ordenantzan jasotakoak hobeto zehazteko asmoz, hainbat irizpide gehigarri txertatzea proposatuko da. Terrazek inguruarekiko gorde beharreko distantziak zehazten dira; oinezkoentzako pasabideekiko, eraikinen atari eta fatxadekiko edota kaleko altzariekiko gorde beharko duten gutxieneko distantziak zehaztu dira eta terrazak muntatzeko ordutegia ere bai. Hori guztia udal ordenantzan txertatzea proposatuko da bileran.

  Oñargik Errekalden eta Merkaoñak Olakuan egin asmo dituzten hainbat hobetze lanetarako baimen eskaerak edota emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna eman askoz Udalak eta Irazan Antzerki Gunearen arteko hitzarmena zertan den azaldu eta onartzea ere proposatuko da, ekaineko osoko bilkuran.

  EH Bildu taldearen eskutik gainera, bi adierazpen azalduko dira: Nabarraldeko debagoiendarrek sinatu eta Bi ikur, herri bakarra izenburupean aurkeztutakoa, bata, eta nazioarteko babesa eskatzen dutenei buruzkoa, bestea.

  19 gaiko lan zerrenda osatu da gaurko osoko bilkurarako eta, aipatutakoez gain, tramitezko gaiak ere izango dira: azken asteetako Tokiko Gobernu Batzordeetako akten edo alkate dekretuen berri ematea eta hainbat obra udal interes edo erabilera berezikotzat hartzea, besteak beste. Bilkura 18:30tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!