Taberna zerbitzua bakarrik eskainiko da aurrerantzean Eltzian
Agur festa egingo dute asteburu honetan Eltzia tabernan. Egungo arduradunei lau urteko kontratua amaitu zaie, eta agur esateko hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaur, bihar eta igenderako, bezeroei eskerrak emateko. Baina taberna ez da itxiko. Esleipen berria prestatzen ari da Udala eta hori burutzeko denbora eman aldera, Eltzia zabalik mantentzeko konpromisoa hitzartu du egungo arduradunekin. Taberna zerbitzua mantendu egingo da eta asteburutan pintxoak eta errazioak eskainiko dira. Asteazkenetako pintxo-poteari ere eusteko asmoa azaldu dute arduradunek.
Astelehenetan itxita egongo da Eltziako taberna eta asteartetik igandera 18:00etatik 22:00etara irekiko da. Gainera, asteazken eta ostiraletan goizez ere, 11:00etatik 14:00etara irekiko da, eta larunbat eta igandetan, goizeko ordutegia 15:00ak arte luzatuko da.
Eltzia tabernako kudeaketa esleitzeko prozesua laster abiatuko du Udalak. Oinarriak osatzeko bideragarritasun ekonomiko txostena bakarrik falta du. Hori eskuratu bezain pronto deialdia argitaratuko du eta eskaintzak aurkezteko epea irekiz. Esleipena martxorako egin ahal izatea espero da eta bitartean, Eltzia zabalik mantentzea lortu du, taberna zerbitzua bakarrik eskainiko bada ere. Luzapen honen helburua trantsizioa erraztea da.
Baina azken unera itxaron gabe agur festa antolatu dute egungo arduradunek astebururako, esan bezala. Hala, gaur 21:00etatik aurrera musikarekin girotutako aperitiboa emango dute, bihar, larunbata, azken jaia egingo dute 21:00etatik aurrera, eta igandean azken pintxo eta errazioekin agurtuko dira. Lau urte hauetan bidelagun izan dituzten bezero guztiei eskerrak emateko modua izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!