Oñatiko udala

Taberna eta ostalaritza ordenantza berriaz EAJk zabaldutako oharra zuzendu eta argitu nahi izan du udal gobernuak

2018/07/16
Card image cap
Ordenantza proposamena behin behinekoz onartu ondoren alegazioetarako epea irekiko dela zehaztu da

  EAJk hedabideetara zabaldu zuen mezuaren inguruan zuzenketa egin nahi izan du udal gobernu taldeak, herritarrengan sortu zezakeen nahasmena argitzeko. Jeltzaleek zabaldutako informazioaren arabera, une honetan alegazioetarako epea irekita legoke uztailaren 20ra arte, baina informazio hori okerra dela dio gobernu taldeak. Taberna eta ostalaritzako ordenantza berria lanketa prozesuan dagoela eta orain herritarrei zabaldutako informazio publiko fasean dagoela zehaztuz. Fase honetan interesdun orok bere ekarpena egin dezakeela argitzen du gobernu taldeak eta ordenantza behin behineko izaeraz onartu ondoren irekiko dela alegazioetarako epea. EAJk prozedura honen zehaztapenak ez ezagutzea edo isilaraztea harrigarria dela eransten du gobernu taldearen idatziak.

  Taberna eta ostalaritzako ordenantza berriaren helburu nagusia aipatu jarduerak egungo legedira egokitu eta atal guztiak, zigortzailea barne, eguneratzea dela ere zehazten du gobernu taldearen oharrak. Zentzu horretan legeak ezartzen duenari jarraituz, jarduerak sortzen duen zarataren mugaketa ez ezik beronen erregistroa egitea ere derrigorrezkoa izango dela argitzen du idatziak.

  Gobernu ardurak izatea zer den dakien oposizioari informazio okerra erabiliz herritarrengan nahasmena sortu nahi izatea leporatzen dio gobernu taldeak, eta hori ez dela onargarria eransten du. Amaitzeko, lasaitasunerako deia zabaltzen du gobernu taldeak eta interesdun guztiei dei egiten die, orain ekarpenak egin eta behin behineko ordenantza onartzen denean, alegazioak aurkeztera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!