Tabakoa uztearen onurak azalduz, mahai informatiboa jarriko da arratsaldean plazan

2015/05/28
Card image cap
Anbulatorioko bi erizainek, osasun zentroan erretzeari uzteko eskaintzen dituzten aukerak azalduko dituzte

  Domekan, maiatzaren 31an, tabakorik gabeko mundu eguna ospatuko dela eta, Osasun publikorako eskualdeko zentrotik hainbat ekimen antolatu dira. Herriz herri, mahai informatiboak jarriko dira eta hemen Oñatin, ostegunetako pintxo potea aprobetxatuz, arratsaldeko 19.00etatik 20.30tara plazan kokatuko da.

  Osasun zentroko bi erizain izango dira bertan, tabakoa uztearen onurak azaltzen. Gaia, ikuspegi positibotik zabaldu nahi da eta erretzeak sortu ditzakeen arazoak baino, tabakoa uzteak dakartzan alde onak azpimarratuko dira. Era berean, erretzeari uzteko, osasun publikotik jartzen diren bitartekoen berri emango da eta konkretuki, Oñatiko osasun zentroan banaka nahiz taldeka garatu ohi diren programen inguruko xehetasunak emango dira, inor animatzen bada, zein aukera dituen jakin dezan.

  Baina erretzaileei tabakoa uzteko bitartekoak eskaini ez ezik, erretzaile ez bihurtzeko prebentzio lana egitea bereziki garrantzitsua da. Ildo horretan, Udala eta osasun publikorako zentroa elkarlanean ari dira. Herriko ikastetxeei, tabako kerik gabeko gelak izeneko egitasmoan parte hartzeko eskaintza egiten zaie. DBHko bigarren mailan dauden ikasleei zuzendutako programa berezia da, erretzen 13-15 urtekin hasten baita. Ikasle eta familiekin erretzea ekiditeko hainbat prebentzio ekintza egiten dira, eta gazte erretzaileen aldetik, ikasturtean zehar eta eskola inguruetan ez erretzeko konpromisoa hartu dezaten ahalegintzen dira.

  Aurten, Oñatin, Zuazola-Larraña institutuko bigarren DBHko ikasleek parte hartu dute tabako kerik gabeko gela egitasmo honetan. Egindako lanaren errekonozimendu gisa, osasun publikorako zentroak diploma eta saritxo bana emango die. Ekitaldia, udaletxeko areto nagusian egingo da datorren asteazkenean, 13.15tan.

  Baina gaur arratsaldean, 19.00-20.30tara, ez erretzearen onurak azalduz mahai informatiboa jarriko da plazan.      

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!