Sutea izan zen atzo Aloña Mendi tabernako sukaldean.

2015/02/11
Ke erauzgailu edo extraktorea erre zen. Gaur taberna berriro ireki da eta sukalde zerbitzua astebururako martxan jartzea espero dute.

  Sua, arratsaldeko ordu bi eta erdi inguruan piztu ei zen Aloña Mendi tabernan. Suhiltzaileei deituta, hiru kamioi berehala etorri ziren eta tabernako sukaldean sortu zen sua berehalakoan itzali zuten. Sua, ke erauzgailu edo extraktorean sortu zen nonbait eta hau itzaltzeko lanak tximiniatik egin zituzten suhiltzaileek.

  Sutearen abisua azkar eman eta segituan itzaltzea lortu zenez, kalteak handiagoak izatea ekidin zen. Suteak, sukaldeko ke erauzgailua soilik kaltetu zuela adierazi ziguten Aloña Mendi elkarteko arduradunek. Keak berak eraginda, sukaldea zikina zegoen baina taberna aparteko arazorik gabe zabaltzeko moduan zegoela esan ziguten. Hala ere, atzo arratsaldean itxita mantendu zen. Bitartean, aseguruari gertatutakoaren berri eman zitzaion eta peritua ere arratsaldean bertan pasa zen tabernatik.

  Gaur berriz, Aloña Mendi tabernak ohiko ordutegian ireki ditu ateak. Taberna bai, irekita dago baina sukaldea oraindik ez. Garbitu eta ke erauzgailu berria jarri beharko dute. Astebururako edo, sukalde zerbitzua berriro martxan izatea espero dutela adierazi digute.

  Ondorio larririk gabeko sutea eta sustoa izan zen atzo Aloña Mendi tabernan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!