Oñatiko udala

Sultana Jaya ekintzaile sahararraren bizia salbatzeko mozioa onartu zen atzoko Osoko Bilkuran

2021/10/29
Card image cap
Jayak eta bere familiak ia urtebete daramatzate etxean atxilotuta eta kanpoko inorekin harremanik gabe

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek adostutako mozio bateratua aho batez onartu zen atzoko Osoko Bilkuran. Sultana Jaya ekintzaile sahararraren eta bere familiaren egoera salatu eta hauek babestea eta saharar herriaren autodeterminazio erreferenduma bizkortzea eskatzen du Oñatiko udalbatzak.

  Sultana Jaya Mendebaldeko Saharako gune okupatuen aurpegirik ikusgarrienetako bat da, Marokoko okupazio agintarien aurka daraman borrokagatik. Saharar herriaren autodeterminazioaren eta independentziaren aldeko aldarrikapen baketsuan dihardu baina tratu txar fisiko zein psikologikoak jasaten ari da, ez bera bakarrik, baita bere familia ere.

  Marokoko indar paramilitarrek zaindutako atxiloketa domiziliarioan daude iazko azaroaren 21etik. Euren etxeko sarrera blokeatuta dago eta ezin dute irten ezta sahararren bisitarik jaso ere.

  Mozio idatzian salatzen denez Maroko gerra egoeraz eta pandemiaz baliatzen ari da mugak itxi eta beldurra eta errepresioa ezartzeko Mendebaldeko Saharan okupatutako eremuetan. Egoera hori salatu, babes neurriak hartu daitezen eskatu eta Saharako autodeterminazio erreferenduma bizkortzea eskatzen duen lau puntuko mozioa onartu zen atzoko Osoko Bilkuran:

1.- NBEri, EBri eta Espainiari premiaz jarduteko eta Sultana ekintzaile sahararra eta haren familia babesteko eskatzea, benetako arriskuan eta Marokoko okupazio-indarrek setiatuta, bakartuta eta konfinatuta jarraitzen baitute.

2-- Espainiako gobernuari eskatzea bete ditzala potentzia administratzaile gisa dituen erantzukizunak, eta bereziki, Sultana Jaya ekintzaile sahararraren eta haren familiaren babesa berma dezala eta Marokoko gobernuari eska diezaiola Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespeta dezala.

3.- Nazioarteko mediku-batzorde bat Bojador hiri okupatura lehenbailehen bidaltzeko eskatzea, ekintzailea eta bere familia lehenbailehen artatzeko giza eskubideen urraketa honen aurrean.

4.- NBEren segurtasun Kontseiluari eskatzea saharar herriaren autodeterminazio erreferenduma bizkortzeko, Nazio Batuen hainbat ebazpenetan adostutakoaren arabera.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!