Soldata jaitsierara lotu du Stadler-eko zuzendaritzak langileen kaleratzea negoziatzea

Stadler-eko langileen gehiengoa 24 orduko greba egiten ari da, enpresak proposatutako EREaren kontra eta enpleguen defentsan. Aldi berean, zuzendaritza eta langileen ordezkariek bilera egin dute goizean, enpresak aurreikusitako kaleratzeak eta soldata murrizketa negoziatzeko. Amaieran, protesta plazara eraman da eta elkarretaratzea egin da.
Arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatuta enplegu erregulazio espedientea aurkeztu zuen Stadler-ek eta egun dituen 65 langiletatik 12 kaleratzea eta gainerako langileen soldata %30 murriztea proposatu zuen. Gaurko bileran %20ko soldata jaitsiera jarri ei da mahai gainean eta murrizketa onartzera lotu du zuzendaritzak langileen kaleratzea negoziatzen hastea, ELA sindikatuko ordezkariak adierazi digunez. Sindikatuek langileen borondatezko bajak onartzea proposatzen zuten baina puntu hori negoziatzeko, gainontzekoen soldata jaitsiera onartzea eskatzen ei du enpresa zuzendaritzak.
Stadler-eko langileak 24 orduko lan uztea egiten ari dira gaur, enpresa eta langileen ordezkarien arteko bilerarekin kointzidituz. Eta greba mugagabeari ekingo diote ostiralean, egoerak bere horretan jarraitzen badu. Ostiralean bilera berria egingo dute bi aldeek.
Eguerdian berriz, elkarretaratzea egin dute Stadler-eko langileek plazan, lan auzia salatzeko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!