Singular dendak egitasmoaren 2022-2023 deialdia martxan da

2022/09/27
Card image cap
Programa berrian parte hartzeko izen-ematea ostiralean, irailaren 30ean amaitzen da

  Tokian tokiko denden lehiakortasuna hobetzea da Singular dendak egitasmoaren helburua. Erosketa esperientzia nabarmenak sortzea da azken helburu, norberaren komertzioa besteengandik bereizi eta bezeroak erakarri eta haien leialtasuna lortzeko teknika eta bitartekoak landuz.

  Kaleak biziberritzeaz gain, euren originaltasunagatik eta egiazkotasunagatik nabarmentzen diren establezimenduek jasotzen dute Singular dendak izendapena. Horretarako, saltzaileen konpetentziak, saltokia, erakusleihoak eta komunikazioa hobetzeko tresnak lantzen dira. Hainbat formazio saio egiten dituzte dendariek eta aholkularitza partikularra ere jasotzen dute. Singular denda egiaztagiria lortzen duten merkatariekin elkarlanean jarraitzen da, etengabeko hobekuntza bermatze aldera.

  Programa hainbat fasetan gauzatzen da: hasierako diagnostikoa egiten da, hobetzeko ekintza plana definitu eta ekintza konkretuak gauzatzeko banakako eta taldekako aholkularitza ematen da eta jarraipen tarte baten ondoren ebaluazioa egiten da. Gainditzen dutenek Singular dendak ziurtagiria jasotzen dute. Hortik aurrera, etengabeko hobekuntza prozesuan jarraitzen da, esan bezala.

  Gipuzkoako Merkatari Elkarteak 2014an sortu zuen programa eta hiru urte beranduago zabaldu zen Debagoienera, Oñati eta Arrasateko udalen lankidetzaz. Azken lau urteetan luzatuz joan da lankidetza eta horren haritik, Oñatiko hamar komertziok Singular denda izendapena dute egun eta beste bi programa osatzen ari dira.

  2022-2023 ikasturteko formazio egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago ostiralera arte. Irailaren 30ean, 16:00tan amaitzen da Gipuzkoako Merkatarien federazioak finkatu duen epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!