Sexu-eraso eta jarrera sexistak ekiditeko sentsibilizazio eta prebentzio neurriak proposatu ditu EAJko Udal Taldeak

2016/09/22
Card image cap
Oñati “beldur- barik” gunea bihurtzea eta seguru ez diren puntu beltzen zaintza zerbitzua areagotzea proposatu dute

  Oñati jai-giroan murgiltzear dagoen honetan, EAJko Udal Taldeak eraso matxistak saihesteko hainbat neurri proposatu ditu azken Berdintasun Batzordean, herriko jaiak giro onean eta bereziki errespetu eta berdintasunarekin igarotzeko. Oñati osoa beldur- barik gunea bihurtzea proposatu dute jeltzaleek, eta ez bakarrik jaietan baizik eta egunerokotasunean. Horretarako, seguruak ez diren herriko puntu beltzak identifikatzea eta hauei irtenbidea ematea eskatu dute. Adibidez, argiteriaren egokitasuna aztertu eta beharra badago zuzenduz edota puntu beltz horietan gaueko zaintza zerbitzua areagotuz.

  Indarkeriari aurre egiteko kontzientziazio kolektiboa eta indibiduala lortu behar dela azpimarratu dute jeltzaleek, eta horretarako herritarren inplikazioa ezinbestekotzat jo dute. Hala, gertaera txikien aurrean ere erantzutera gonbidatzen dira herritarrak, hala egoera larriagoak saihesten lagunduko baita. Oñatiar guztiak eta bereziki tabernariak, eragileak eta ekintza- antolatzaileak sexu-eraso eta jarrera sexisten aurrean hartu beharreko jarraibideen inguruan behar bezala informatzea proposatu du EAJk, guztiek jakin dezaten horrelako egoera baten aurrean zer egin, nora jo edo nori deitu.

  Amaitzeko, EAJk zabaldu duen prentsa oharrean, jai-egun zoriontsuak opa dizkie oñatiarrei, alaitasunez, erasorik gabe, erantzukidetasunean eta errespetuan ondo pasatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!