Oñatiko udala

"Seme-alaben sexualitatea. Aniztasun afektibo sexuala, erotika eta pornografia" tailerra antolatu du Guraso eskolak

2022/02/22
Card image cap
DBHko ikasleen gurasoei zuzenduta dago eta hiru saiotan landuko da

  Garrantzitsua da gurasoak seme-alaben garapenean laguntzea, handitzen doazen heinean. Nerabezaroan, sexualitatea landu beharreko gai klabea da, baina askotan ez da jakiten gaiari nondik heldu.

  Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzendutako tailer hau hiru saiotan, martxoko lehen hiru astelehenetan, emango da. Lehen saioan, aniztasun afektibo sexualaren oinarrizko kontzeptuak landuko dira, norbere gorputza, identitatea eta adierazpena eta desiraren barne existitzen diren aukeren ezagutzan sakonduz. Bigarren saioan modu praktikoan eta adibideen bitartez landuko da gaia, etxeetan aniztasunaren trataera landu ahal izateko gakoak emanez. Azken saioan berriz, erotika eta pornografiaren gaiak landuko dira; egun pornografiak eta praktika sexualek tabu izaten jarraitzen dute baina interneten sorrerak pornografia edonoren eskura jarri du. Ondorioz, askotan nerabeen heziketa sexual bakarra bihurtu da pornografia eta web gune horietan ikusten dutena ikasi eta burutzen dute. Tailerraren hirugarren saioan pornografiaren mitoak eta errealitateak landuko dira, alderdi negatiboak eta baita positiboak ere.

  Gehitu elkarteak emango du tailerra martxoaren 7-14 eta 21ean, 18:15tan hasita. Parte hartzeko interesa duenak aurrez izena eman behar du Ainhoa Moiuari mezu elektronikoa bidaliz, ainhoa@onati.eus helbidera. Martxoaren 3an amaituko da izen-ematea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!