Oñatiko udala

Semaforo bidez erregulatuko dira Errekaldeko 29-31-33 zenbakien atzealdeko aparkaleku berriak

2023/01/27
Card image cap
Aparkalekuak egokitzeko lanak datozen egunetan hasiko dira

  Udalak 10 aparkaleku berri egokituko ditu Errekaldeko 29, 31 eta 33 zenbakidun eraikinen atzealdean, A2B Arquitectos enpresak egindako proiektua jarraituz. Baina berritasuna, aparkalekuen inguruan jarriko den sistema adimendua da. Aparkalekuak libre edo okupatuta dauden detektatzen duten sensoreak jarriko dira eta eraikinen kanpoaldean ipiniko den semaforo bati lotuko dira, aparkalekurik libre dagoen ala ez adieraziz. Modu horretan, aparkaleku bila sartzeko alferrikako itzulia ematea saihestuko da, eta aparkatzera doazen autoek soilik zeharkatuko dute espaloia, oinezkoen ibilia seguruago eginez. Ingecom sistemasek garatuko du aipatu sistema adimendua.

  Errekalde auzoan azken urteetan egin diren irisgarritasun lanek eta espazioen berrantolaketak autoentzako aparkaleku kopurua murriztea eragin dute eta auzotarren beharrak ikusita, aparkaleku berriak egokitzeko aukera ikusi zen Errekalde 29, 31 eta 33 atarien atzealdean dagoen lekua erabiliz. Egungo zelaian prestatuko da 10 autorentzako gunea. Ugarte enpresak egingo ditu lanok, eta lurra pitin bat lehortzearen zain daude obrari ekiteko. Aparkaleku berriak egokitzeko lurra kendu beharko da lehenik eta lokatzetan aritzea nekezagoa da. Aparkalekuak egokitzeko lanek 85.000 euroko aurrekontua dute lanek, eta datozen egunetan hasiko dira.

  Aparkalekuak aipatzen hasita, esan bestalde, aparkamendu disuasorio bat eraikitzeko azterketari ekingo diola laster Udalak. 2023ko aurrekontuetan 14.000 euroko partida berezitu zen, herrigunetik gertu egongo den aparkamendu disuasorio baten proiektua lantzeko. Herrigunera egun osorako datozen herritar zein kanpotarrak, ibilgailua uzteko aukera emango dien aparkamenduaren kokapena zehazteko egitasmoa garatzen hasiko dira, HAPOaren baitan, datozen egunotan. Aparkamenduaren kokapena definitzea da helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!