Oñatiko udala

Selma Huxley izena jarri zaio Artxibo Historikoko ikerketa gelari

2022/04/13
Card image cap
Ikerlariak egindako ekarpena ezagutzeko erakusketa prestatu da Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan

  Aurten 50 urte beteko dira Selma Huxley ikerlaria Euskal Herrira iritsi zela eta Euskal Herriko eta Kanadako itsas historiari buruzko ikerketak hasi zituela. Gogoratu, Oñatin hogei urtez bizi izan zela Gipuzkoako Protokoloen Artxiboa arakatzen zuen bitartean. Haren ikerketek gure historia ezagutzen lagundu zuten, testuinguru unibertsal batean kokatuz. Horregatik, Selma Huxleyren lanaren garrantzia nabarmentzeko, haren izena ipini diote Oñatin egoitza duen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa gelari. Eta, horrekin batera, Selma Huxley: ikuspegia eta kemena izenburua duen erakusketa prestatu dute.

  Ekimen bikoitz honen aurkezpenean hainbat lagunek parte hartu dute, goizean. Arkaitz Millan Kultura diputatuak historialari moduan eta jatorrizko dokumentuen ikerlari moduan Selma Huxleyren ekarpena gogoratu du, eta emakume izatea ere azpimarratu du. Historiari ez ezik, Gipuzkoako artxiboei ere ekarpena handia egin izana aipatu du, bertan dauden dokumentuen garrantziaz hausnartzeko bidea eman baitzuen Huxley.

  Zentzu berean berba egin du Gipuzkoako artxiboen zerbitzuko buru Gabriela Vivesek eta Gipuzkoako artxiboek Selmari asko zor diotela adierazi du, instalazioetan, dokumentuen tratamenduan edota ikerlariei eskaintzen zaizkien bitartekoetan izan diren aldaketak, onerako aldaketak, azpimarratuz. 

  Izaro Elorzak ere parte hartu du gaurko ekitaldian eta Oñatiko udalak duen Selma Huxley Barkham beka ekarri du gogora. Berdintasunaren esparru estrategikoan ikerketa sustatu eta historiari egindako ekarpenak agirian jartzeko bitartekoak jartzea Selma Huxleyri egindako aitorpen moduan aipatu du alkateak.

  Azkenik, familiaren izenean Selmaren seme Michael Barkhamek hartu du hitza eta eskerrak emateaz gain, Selmak Oñatin egin zuen ibilbidea errepasatu du. Aldi berean, egindako aurkikuntzen neurria azpimarratu, munduan balearen inguruan izan zen lehen industria azaleraztea lortu zuela adieraziz eta denborarekin Canadan eta Euskal Herrian lortu zuen errekonozimendua aipatuz.

  Selma Haxleyren izena eramango du aurrerantzean Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoko ikerketa gelak, esan bezala. Selma Huxleyk Protokolo Historikoen Artxiboan egindako lanaren berri ere izango da propio antolatu den erakusketan. Hark kontsultatu zituen hainbat dokumentu aipagarri biltzen dira Selma Huxley: ikuspegia eta kemena izenburua duen erakusketa. Apirilaren 19tik 29ra ikusgai egongo da artxiboko areto nagusian, astelehenetik ostiralera (8:30-14:30) eta asteartetan (8:30-18:30).

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!