Selma Huxley Barkham beka eta Munazategi sektoreko xehetasun azterketa aztergai gaurko Osoko Bilkuran

2021/04/29
Card image cap
Hiru mozio idatzi ere aurkeztuko dira

  Selma Huxley Barkham bekaren hirugarren deialdia egitea proposatuko da gaurko Osoko Bilkuran. Selma Huxley Barkham ikerlariaren izena daraman udal bekaren sorrera helburua Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak plazaratzea da. Horren haritik, lehen deialdian Oñatiko emakumiak errekadutan: XX. mendeko etnografia feminista izeneko lana osatu zen 2017an eta indarrean den bigarren deialdian Bizitzak erdigunean. Oñatiko zaintzaileen genealogia feminista, 1950-2020 ikerketa gauzatzen ari da. Aurten bertan amaitu eta argitaratuko da lana. Hirugarren aldiz Selma Huxley Barkham beka deitzea tokatzen da aurten eta horretarako oinarriak aztertuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran.

  Munazategi sektoreko xehetasun azterketa behin betiko onartzea ere proposatuko da. Ulma kooperatibak aurkeztu zuen Munazategi sektoreko xehetasun azterketa eta urtarrileko Osoko Bilkuran onartu zen hasierako izaeraz. P1 deritzon partzela hirutan zatitzea da helburu nagusia, , eraikigarritasuna banatu eta partzela berrietako baten gehienezko altuera jasoz. LKS Ingenieriak osatu zuen dokumentuaren arabera, P1 partzela hirutan zatituko litzateke Ulma Agricola, Packaging eta Construccion enpresen artean, eta aldi berean, bakoitzari legokiokeen azalera eta eraikigarritasuna ere zehazten da xehetasun azterketan. Munazategi sektoreko Plan Partzialak eraikinen gehienezko altuera mugatzen zuen eta xehetasun azterketak altuera handitzea proposatzen du, horretarako arrazoiak eta arau oinarriak  argudiatuta.

  14 gaiko lan zerrenda osatu da gaur arratsaldeko Osoko Bilkurarako. 14 gai horietako hiru mozioak dira, bi EH Bilduk eta EAJk elkarrekin babesten dituzte eta hirugarrena EAJren ekimenez aurkeztuko da, hainbat nekazari eta abeltzain elkartek izenpetutako idatzia bere eginez. Udalbatza osatzen duten bi taldeen eskutik aurkeztuko diren mozioek espetxe politikari egiten diote erreferentzia; bat, ETXERATek aurkeztutakoa urrunketa politikoaren inguruko lau puntuko mozioa  da eta bestea, 2020ko abenduren 12an hainbat alderdi eta sindikatuz onartutako adierazpena biltzen du, pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatua aplikatzeko beharra aldarrikatuz. EAJk bere aldetik, Gipuzkoako udaletxeetara helarazitako mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa aurkeztuko du arratsaldeko bilkuran.

  Bitxikeria moduan esan, udal idazkari berriak parte hartuko duen lehenengo Osoko Bilkura izango dela gaurkoa. Apirila hasieran hartu zuen kargua Iñigo Roldan Catalanek. 18:30tan hasiko da apirileko bilkura eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!