Segurtasuna hobetzeko lanak egiten ari dira Torreauzoko zubian

2023/01/18
Card image cap
(Arg: Goiena)
Bidegorriaren maila pitin bat jasoko da eta zubiaren ezkerraldean egokituko da, egungo trazatuari jarraipena emanez

  Astelehenean hasi ziren bidegorria eta errepidea berezitzeko lanak, Torreauzoko zubi parean. Oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuz, bidegorria eta ibilgailuen bideek altuera eta kolore ezberdina izango dute. Bidegorria zubiaren ezkerraldean egokituko da, egur kargalekuaren paretik datorren bideari jarraituz, eta errepidea gurutzatu arazten zuen orain arteko ibilbidea bertan behera utzita.

  Torreauzoko zubiari paralelo joango litzatekeen plataforma berri bat egiteko asmoa zuen Udalak, tarte horretan bidegorriak zuen segurtasun arazoari konponbidea emateko. 2022ko udal aurrekontuetan 250.000 euro gorde ziren horretarako. Aipatu plataforma egungo zubiaren ezkerretik nahiz eskuma aldetik eraikitzeko aukerak aztertu dira baina uholdeak ekiditeko euskarriek altuera handia hartu beharko luke, legeak agintzen duena betetzeko, eta horrek, bidegorriaren trazatua bera luzatu eta bihurgunekin egitea eragingo luke. Konponbide hori ez da egokia ikusten eta plataforma berririk egin gabe, errepidea eta bidegorria kota ezberdinetan baina egungo zubitik bideratzea erabaki da.

  Bidegorriak 1,75 metroko zabalera izango du eta ibilgailuentzako galtzadak, 4,20 metro, gaur egun bezala. Diferentzia, bidegorria errepidearekiko maila altuagoa duen espaloi moduko baten gainean egokituko dela, gorriz pintatuko dela eta orain arteko oinezkoen bideen aldean ez baizik eta bestaldetik, ezkerraldetik, egur kargalekua dagoen aldetik egingo dela. Bidegorriaren trazatu berri honek errepidea gurutzatu beharra saihestuko du. Madalenara jarraitzeko asmoa dutenentzat berriz, zebrabidea egokituko da, zubia pasatuta.

  Etxaide eraikuntzak ari da obra egiten. Astelehenean bertan hasi ziren lanok, otsailerako amaitzea aurreikusten da. Lanek, 50.000 euroko aurrekontua dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!