Santxolopeztegi industrialderako bidegorri-lotura egingo da

2020/11/03
Card image cap
Oñati-Elorregi bidegorriaren adarra osatzeko, Madalenako ermitara doan bide zatia probestuko da

  Santxolopeztegiko auzo alkateak 2016an eta Fagor industrial enpresak 2018an eskatu zuten Madalenako industrialdera bizikletaz edo oinez iritsi ahal izateko sarbidea egokitzea. Ginder enpresari azterlana eskatu zion udalak eta Eusko Jaurlaritzara aurkeztu zuen, dirulaguntza lortzeko. Egitasmoaren aurrekontuaren erdia estaliko lukeen laguntza hitzeman da Gasteiztik eta lanak berehalakoan egitea erabaki du udalak.

  Santxolopeztegiko industria gunea eta egungo bidegorria lotuko dituen sarbidea egokitzeko exekuzio proiektua Injelan enpresak egin du eta hori oinarri hartuko dituzten lanetarako esleipena prozesua abian du udalak.

  Egungo bidegorriaren aldamenetik Madalenako ermitara doan garai bateko galtzada erabiliko da lotura egiteko; egun dagoen harrizko galtzada zaharra altxatu eta egokituko da. Tarte horretan hareharrizko zorua mantenduko da. Bideari jarraipena emango zaio industrialdeko aparkalekuraino. Hareharrizko zoladurak 1,50 metroko zabalera izango du eta gainerako zatia egungo harriekin birzolatuko da. Hortik aurrera, 2,70 m.-ko bide berria egokituko da, hormigoizko harri lubeta eta harri-horma baten babesean. Azkeneko tartean, egurrezko baranda edo eskudela jarriko da. Euri urak jasotzeko sarea osatuko da eta argiteria ere berrituko da.

  Proiektuak 115.536 euroko aurrekontua du, BEZa barne, baina 47.587 euro, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaz osatuko da. Lanak hiru hilabeteko epean egitea aurreikusten du udalak eta esleipen prozesua abian du. Bihar amaitzen da proposamenak aurkezteko epea.       

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!