Santa Marina plazarako errepidea itxi egingo da bihar eta etzi
Santa Marina plazaraino iritsi dira Gipuzkoako Urak enpresak Mendiko kalearen parean hasi zituen hobekuntza lanak. Edateko uraren hoditeria berritzen ari dira Mendiko kale eta Patrue kaleen artean. Lehen fasean Mendiko kalerako pasabidea itxi zen eta aldikako mozketak egin ziren Bakardadeko ama eta Portu kaleetan. Oraingoan, Santa Marina plaza eta Euskadi etorbidea arteko errepide zatia itxiko da, bihar eta etzi. Ondorioz, Euskadi etorbidetik Bakardadeko ama kalerako bidea etenda geratuko da. Errekaldera iristeko kultur etxe aurrealdetik nahiz Kurtzebide kaletik joan ahal izango da, baina Santa Marina plaza barreneko bide zatia itxi egingo da. Hori adierazten duten seinaleak Bakardadeko ama kalean eta Euskadi etorbidean jarriko dira.
Ur hoditeria berritzeko lan hauek pentsatu baino gehiago luzatzen ari dira. Ekainean hasi ziren eta hiruzpalau asteren buruan Santa Marinara iristea aurreikusten zen, baina atzeratuta dabiltza. Langileak Santa Marina plazaren barrenean zulatzen ari dira, errepidearen bi aldeetara. Lanek errepidea hestutzea eragin dute eta trafikoa semaforoz erregulatzen da. Baina bihar eta etzi guztiz itxiko da. Inguruan egin beharrekoak lehenbailehen burutzea komeni da gainera, eskolak hasi baino lehen, ikastetxeetako autobusak Santa Marina plazatik pasatzen baitira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!