Sanchezek sahararrei traizioa egitea gaitzetsiz dozenaka herritar bildu ziren atzo plazan

Oñatiko sahararrek deituta egin zen Mendebaldeko Sahararen eskubideen aldeko elkarretaratzea plazan. Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesua amaitu gabe dagoela eta Nazio Batuek aitortutako autodeterminazio eta independentziarako eskubideak dituela gogorarazi zen dozenaka herritar bildu zituen mobilizazioan. Espainiako presidente Pedro Sanchezek Marokoren alde hartu duen jarrera gaitzetsi eta salatu zuten.
Espainiako gobernuak 1976an Mendebaldeko Saharatik irten eta lurraldea Marokoren esku utzi zuenean bezala, pasa den astean adierazitako jarrera aldaketa traizio berria dela azaldu zuten plazan bildutako saharar-oñatiarrek. Marokok Mendebaldeko Sahararentzat duen autonomia planari babesa eman zion Pedro Sanchezek pasa den astearen hondarrean.
Espainiar gobernuak Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eta independentzia eskubidea berriro zapaltzen duela gaitzetsi zuten.
Oñatin bezala, beste hainbat euskal herri eta hiritan elkarretaratzeak egin ziren atzo, tokian tokiko sahararrek eta Sahararen askapenaren aldeko elkartasun mugimenduak deituta. Bide batez, larunbatean, Madrilen, estatu mailako mobilizazioa egingo dela eta, parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien bertaratutako guztiei.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!