Oñatiko udala

San Pedron bidegorriari aparteko zubia eraikitzeko exekuzio proiektua eztabaidagai izango da Tokiko Gobernu Batzarrean

2022/05/12
Card image cap
Urrutxuko zabortegiaren ingurumen kontrol zerbitzuaz eta Olakua auzoan irisgarritasun lan berrietarako proiektuaz ere berba egingo da

  14 gaiko lan zerrenda zehaztu da arratsaldeko gobernu batzarrerako; aipagarria da, Torreauzorako bidean, zubian, eta honen paralelo, bidegorri gisa erabiltzeko aparteko zubia eraikitzeko exekuzio proiektua egiteko lana kontratatzeko gaia jaso dela. Elorregi eta Oñati arteko bidegorriaren jatorrizko proiektuan jasota zegoen aipatu zubia egiteko asmoa baina ez zen eraiki, eta kaltzada estututa partekatutako bidegorria egokitu zen, zoruan margotuta. Horrek trafiko eta segurtasun arazoak sortzen dituela ikusita Udalak, hasierako egitasmoa gauzatzeko prozesua abiatuko du exekuzio proiektua eskatuta. Lana Ginder enpresari eskatzea proposatuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Bestelako lan batzuk kontratatzea ere aztertuko da, hara nola, Urrutxuko zabortegiaren ingurumen kontrol eta jarraipen zerbitzua edota Olakua auzoa 13-14-15 zenbakien inguruan irisgarritasuna hobetzeko lanen proiektuaren idazketa. Anbulatorio inguruko irisgarritasuna hobetzea eskatzeko idatzia prestatu du, bestalde, Trauti Hesirik Gabe elkarteak. Udalak idatzia aintzat hartu du eta Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio dagokion azterketa burutzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!