San Miguel parrokia astelehenean itxiko dute xilofagoen kontrako tratamendua egiteko

2022/10/11
Card image cap
(Arg: Ignacio Martinez)
Agustinoen elizan egingo dira hileta eta eguneroko elizkizunak, parrokia itxita dagoen hilabetean

  Gipuzkoa mailan egiten ari den interbentzio orokor baten baitan kokatu behar da Mikel Goiaingeruaren parrokian egingo diren lanak. Foru Aldundiko Ondarearen zaintzarako zuzendaritza Gipuzkoako erretaulen egoera ikuskatzen ari da. Goren mailako babesa daukan parrokiako erretaula nagusia xilofagoen kontra tratatu beharko dela ondorioztatu da, baina horretan hasi aurretik, parrokian dauden egurrezko beste elementu batzuk tratatzea premiazkoagoa dela ikusi da: zorua, altzariak eta unibertsitate aldeko sarreran dagoen egurrezko atari estruktura osoa. Organoaren egurrezko osagarriak ere sitsak eta pipiak jota daudela ikusi da baina horren tratamendua geroago egingo da, musika tresna bera orokorrean hartu eta konponduz.

  Xilofagoek udazkenean bereziki erasotzen ei dute egurra eta hauen kontrako tratamendua egiteko sasoi egokiena ere bada. Horregatik eta parrokiako zoru, eserleku eta bestelako elementuen egoera larria ikusita erabaki da tratamendua lehenbailehen egitea. Astelehenean, urriaren 17an itxiko dute parrokia eta hala mantenduko da lau astez, azaroaren 18ra arte. Ondo bidean, hurrengo egunean, azaroaren 19an, hasiko dira berriro mezak ospatzen parrokian. Eta bitartean, Agustinoen elizan izango dira, bai eguneroko elizkizunak eta hiletak ere.

  Foru Aldundiak aholkatuta Hernaniko enpresa espezializatu bat kontratatu da xilofagoen kontrako tratamendua eman eta neurgailuak jartzeko. Izan ere, sitsa, pipi eta egurraz elikatzen diren beste xomorro batzuen kontrako tratamendua eman arren, zaila izaten da izurritearekin guztiz bukatzea. Eta etorkizunean egoeraren bilakaera ikusi eta kontrolatzeko neurgailuak jarriko dira eraikinaren puntu ezberdinetan. Lanek 15.000 euroko aurrekontua dute eta hasieran Oñatiko parrokiak eta elizbarrutiak ordainduko dute baina Foru Aldundiak dirulaguntzak ematea espero da.

  Orain 20 bat urte antzerako lanak egin ziren Mikel Goiaingeruaren parrokian. Eta orduan bezala, orain ere, eguneroko funtzioak Agustinoen elizara aldatuko dira. Ordutegia bere horretan mantenduko da, eta astelehenetik larunbatera, 19:00etan ospatuko da meza eta igande eta jaiegunetan, 12:00etan. Hiletak ere bertan egingo dira, nahiz eta, zerraldoa sartzeko zailtasunak dauden. Agustinoen elizak ez ditu irisgarritasun neurriak betetzen eta gurpildun aulkietan ezin da sartu, adibidez. Oztopo eta zailtasunak ahalik eta egokien betetzeko aukerak aztertzen ari dira parrokiako arduradunak baina hilabeteko kontua izango dela eta herritarrek ulertzea espero duela adierazi digu Horazio Argarate parrokoak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!