San Martingo jolasgunea berritu da

2022/02/14
Card image cap
San Lorentzon eta Olabarrietan hainbat lan ere egin dira

  Herriko haur parkeak mantendu eta eguneratzeko egitasmoaren baitan San Martingo jolasparkea berritzeko asmoa azaldu zuen Udalak iaz, nahiz eta lanak, orain, urte hasieran egin diren.

  Kabi formako zabu edo kolunpioa; haur txikientzat bereziki babestutako eta haur handiagoentzat den eserlekudun bi zabu; eserleku eta bolantedun jolas birakaria eta altuera ezberdineko bi txirrista, sokazko zubiak, eskaladako igoera eta suhiltzaileen barra duen 4 torredun egitura jarri da. Helburua, orain arteko parkeak eskaintzen zituen jolas aukerak handitu eta erabiltzaileen adin tartea zabaltzea izan da. Osagarri ezberdineko elementu berriak jarriz, nagusiki, haurren motrizitatea eta irudimena landu eta ondo pasatzeko aukerak eman nahi izan dira. Zizurkilgo Garra enpresak egin du lana eta aurrekontua 15.000 euro pasa izan da.

  Bestelako lan batzuk ere egin dira azken egun hauetan herriko auzo eta auzunetan; San Lorentzo auzoan esaterako, jesarleku berriak jarri dira igogailuaren aldamenean. Polimerozko bankuak jarri dira San Lorentzoko terraza-plazatxoetako batean, kale altzarien hornidura osatzen. Olabarrietan berriz, auzoko plazan dauden hainbat lizar kimatu dira. Tamaina handia hartzen ari ziren arbolak, eta adarren bat apurtuta jolasgunera edo alboko bidera jausi zitekeela aurreikusiz, kimatzea erabaki dute lorezainek, istripuak saihesteko. Pasa den astean egin ziren aipatu kimatze lanak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!