San Martingo egoiliarrak egunero irten ahal izango dira, astelehenetik aurrera

2021/05/14
Card image cap
Irteerak solairuka eta goizez nahiz arratsaldez egiteko barne araudia prestatzen ari dira

  Lasaitzen ari da Gipuzkoako egoitzetako egoera eta horrek isla du astebeteko epean ematen ari diren aldaketetan. Egoitza eremutik kanpora lau egunetan irteteko aukera berreskuratu dute Oñatiko egoiliarrek astean, eta egunero irten ahal izango dira, astelehenetik aurrera. Iraupena ere luzatzen da, orain ordubeteko irteerak direnak luzeagoak izango dira. Bisitetan ere aldaketak izango dira eta orain astean bitan jaso badaitezke, hiru izango dira datorren astetik aurrera.

  Egoiliarren irteerei lehentasuna ematea gomendatu zaie diputaziotik egoitzetako arduradunei. Hori bai, auto-babes neurri guztiak hartuta: musukoa jantzita, distantziak gordeta eta leku irekietan egoteko irteerak izan beharko dute. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko diputazioek epidemiologiako arduradunekin batera adostu duten neurria da.

  Irteera aukera nola kudeatu zehaztu beharko dute orain egoitza bakoitzean, egoiliarrekin irtengo diren senitarteko edo lagunak ezingo duelako egoitzara sartu eta barruko sektorizazioak indarrean dirauelako. Solairuka antolatuko dituzte eguneko irteerak, solairu ezberdinetan dauden egoiliarrak nahastu ez daitezen, eta goizez nahiz arratsaldez egiteko aukera eskainiko zaie. Baina irteerak noiz egingo dituzten denboraz jakinaraztea eskatuko zaie familiei, egoitzako langileek zainduko baitituzte sarrera-irteerak. Horrek irteera eta sarreretarako ordutegi bat finkatzea eskatuko du. San Martinen prestatzen ari diren barne antolaketa prozeduraren berri zehatza emango zaie familiei eta astelehenean indarrean sartuko diren neurriok babesten dituen foru dekretuaren kopia ere emango zaie.

  Egoitzatik egunero irten ahal izateak egoiliarren bisitetan ere eragingo du. Herrira jaitsi gabe, egoitza eremutik egiten diren irteeretan, eraikinaren sarrerako arkupea erabiltzeko aukera emango da, euria egiten duenean. Horrek, bisitetarako gela gehiago egokitu beharra ekarriko du.

  Guztia prestatzen ari dira San Martin egoitzan.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!